GARA
Lehen maila

Puntu bana eskuratu zuten Athleticek eta Eibarrek azken minutuetan

Emozio handiko partidak jokatu eta izugarrizko balioko puntu bana eskuratu zuten Athleticek eta Eibarrek. Biek bi goleko desabantaila neutralizatu zuten azken minutuetan, markagailura oreka itzuliz.

Athleticek Granadillaren aurka eskuratu zuen berea (2-2). Hiru porrot jarraian sufritu ondoren, zuri-gorriek lehen zati txukuna eginda baina 0-2ko emaitzaz heldu ziren atsedenaldira, Ramosek eta Poljakek 42. eta 44. minutuetan sartutako golen ondorioz. Egoerari, liderrari eta mamu guztiei aurre egin zien talde bizkaitarrak bigarren zatian. Baita saria lortu ere. Luciak Eunateren erdiraketa aprobetxatu zuen 1-2koa sartzeko 78.minutuan, eta hamar beranduago bigarrena sartu zuen, meritu eta balio handiko puntua eskuratzeko.

Antzekoa izan zen Huelvan gertatutakoa Sporting eta Eibarren artean (2-2). Mayrak lehen minutuan aurreratu zituen etxekoak eta Jenni Morillak erabakigarria zirudien gola sartu zuen bigarren zatia hasi bezain laster. Baina armaginek ez zuten amore eman eta sekulako ahalegina eginez –hamar egunetan ezin izan dira entrenatu– berdinketa lortu zuten azken minutuetan, Marren eta Queralten golekin.