Maite UBIRIA
BAIONA

Ipar Euskal Herria jadanik ez dago alerta maila gorenean

Emmanuel Macron frantziar presidenteak gaur jakinarazi du zer bilakaera izanen duen heldu den astetik aitzina urriaren 30ean ezarritako bigarren konfinamenduak. Antza denez, baliteke lau asteko etxeratzearen ostean hainbat neurri aringarri iragartzea estatuburuak, hala nola denda txikien berrirekiera baimentzea.

Pandemiaren eboluzioak hobera egin du azken astean Ipar Euskal Herrian. Azaroaren 14an intzidentzia tasa altua zenez (254 kutsatze 100.000 biztanleko) alerta gorenean zen oraindik ere Pirinio Atlantikoen departamendua. Alta, Akitania Berriko Osasun Agentziak iragan asteburuan egin zuen asteko bilanak berri itxaropentsua utzi zuen: departamendua alerta gorenean izatetik alerta indartu egoeran izatera pasatu da, bere intzidentzia tasa 250eko langaren azpitik kokatu delako.

Ipar Euskal Herria eta Biarno bere baitan hartzen dituen departamenduak 160,4ko intzidentzia tasa izan zuen azaroaren 13tik 19rako astean.

Erietxeetan, egoera konplexua

Dena den, erietxeetan egoera konplexua da oraindik. Saturazio arriskurik ez dute ikusten Baionako ospitaleko arduradunek; alta, covid-19ak jota diren pazienteek larrialdi zerbitzuetako ohe gehienak betetzen dituzte oraindik ere. Eskualdeko estatistikari begiratuta, azaroaren 21ean 401 herritar zeuden ospitaleratuta, aurreko neurketan baino 17 gutxiago. Igandeko txostenak, ordea, gorakada txiki bat agertu zuen (403, bi gehiago). Zuhurtziaz jokatzeko mezua errepikatzea ez dago sobera.

Ez da ahantzi behar bigarren olatua askoz hilgarriagoa suertatu dela Ipar Euskal Herrian lehenengoa baino. Uda aurretik emandako datuen arabera, martxotik ekainera bitartean 27 herritar hil ziren departamenduko ospitaleetan pandemiaren eraginez; horietatik 15 bat Baionan. Akitania Berriko Osasun Agentziak emandako azken datuen arabera, pandemia hasi zenetik orotara 140 lagun hil dira.