Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Elkarrizketa
RAFA RUEDA
MUSIKARIA

«Planteatu arren, ezinezkoa da zure buruarengandik ihes egitea»

«Rueda» izenarekin eman dio segida Rafa Ruedak (Mungia, 1972) 2003an abiatu zuen bakarkako bideari, nahiz tartean beste hainbat proiektutan murgilduta dagoen. Ahotsa, gitarra eta elektronika baino ez ditu nahastu aurkeztu berri duen azken lan honetan. Bera da diskoko musikari bakarra. Eta Jon Agirrezabalaga ekoizlearen begirada ezinbestekoa izan da. Zortzi kantuen letren aukeraketan dago beste gakoa. Berriro batu ditu literaturatik, poesiatik, pentsamendutik, izen interesgarriak.

Orain hamazazpi urte bakarka abiatu zuen ibilbidean azken hau zenbatgarren lana duen galdetuta, ez daki zenbaki zehatza ematen, batzuk diskoa izan zirelako eta, beste batzuk, «ez erabat» horrela definitu daitezkeen lanak. Baina argi dagoena da 2020ko azaro honetan argitaratu duela azkena, “Rueda” (Zart). Oso izen sinplearekin egin du, argia eta zuzena. Ez du bueltarik, ez misteriorik. Oraingo honetan Rafa Rueda bera da entzungo den musikari bakarra, eta ahots bakan batzuetan Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzak ahotsetan lagundu badu ere, biluztasunera jo du. Deliberatuta.

Gitarra eta elektronika dira zortzi abestietako osagaiak. Grabitaterik ez dagoen espazio edo burbuila modukoak dira. Berak idatzitakoa da kantu bat, “Bide erdian”; gainontzekoak literaturatik, poesiatik eta pentsamendutik datozen egileenak dira. Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Joseba Sarrionandia eta Josu Goikoetxea, kasu. Baita beren begirada eta mezuen unibertsaltasunagatik gaurko egunera ekarri dituen Inge Müller eta Audre Lorde bezalako egileenak ere.

“Foto zaharrak” kantuarekin abiarazi du lan berriaren aurkezpena. Aurreko batzuetan bezala, autoekoizpenaren bidea hartu du, diskoetxeen moldea baztertuta, kide den Zart kooperatibaren babespean. Beste arau eta denbora batzuk, bestelako erritmoak eta erabakiak. Eta “Hiri kristalezkoa” (Elkar, 2017) aurreko lanean bezala, Jon Agirrezabalaga ekoizle artistikoak parte hartu du. «Adimen musikal handikoa», berak ireki dizkio ate asko, estetikoak zein kontzeptualak.

«Rueda». Hala izena du lan berriak. Gauzak garden esateko asmoaren iragarpena da?

Hasiera batetik, nahiz eta gero emaitzan beharbada ez den horrenbeste nabari, disko biluzi bat egin nahi nuen, ni naiz musikari bakarra. Baina nire abizena aukeratzearenak badu aspalditik datorren pasadizo bat, denbora batetik hona banenbilen izenaren eta abizenaren moldea baztertzeko asmotan beste izen batekin lanean hasteko. Umetan pilotan ibiltzen nintzeneko garaietatik dator kontua. Hamasei urte bete arte aritu nintzen pilotan eta Mungian ibiltzen ginen ume guztiek, baita partidak jokatzerakoan ere, denek zuten abizena Bilbao, Urrutikoetxea… eta ni Rafa nintzen. Beti izan dut abizen ez euskaldun bat ez izatearen nolabaiteko motxila. Eta adin bat pasatuta pentsatu nuen: «eta zergatik nintzen ni Rafa?». Disko hau nire ibilbidean orain arte egin dudan ezberdinetakoa denez, eta musikari bakarra naizenez, pentsatu nuen aukera ona zela nire pilotari garaian hor bazterrean gelditu zen abizenari tartea emateko. Ez bakarrik lan honetan, baizik, beharbada, hemendik aurrera Rueda bezala aritzeko.

Letrei erreparatuz gero, eta haien sinadurei, ohartuko gara diskoak literatura eta musika uztartzen dituela nolabait. Nola heldu zara Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Sarrionandia edo Müller bezalako egileen testuetara?

Irakurtzen ari zarela gertatzen da, topatzen dituzula zure burua identifikatuta ikusten dituzun testuak. Adibidez, Elena Olave eta Iñigo Astizen kasuan, ez dira nik musikatutako poemak, baizik eurek idatzi dute nire musikaren gainean. Letra jarri diote nire musikari; besteak kontrako norantzan eman dira, letren gainean egindako musika dira. Konfinamenduan Elena Olaveren “Zeldak” bere lehen poema liburua deskubritu nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Saiatu nintzen bere poemak hartu eta kantuak egiten, baina ez nuen lortu borobiltzea eta beste zentzuan saiatzea erabaki nuen: kantu bat egin nuen eta letra eskatu nion ondoren. Bere idazketa oso interesgarria da, eta izen berri bat zen niretzat, erabateko sorpresa izan zen bere liburua. Astizekin berriz harremana aurretik nuen eta zuzenean egin nion eskaera.

Beste sei kantuak izan dira irakurritako testuak, poemak… Letren aukeraketa da norbere burua identifikatzeko modu bat, eta nahiz eta idazle asko egon, anitzak, beti lortzen da batasun bat, baldin eta baldintza zure burua identifikatuta ikustea bada. Horregatik aukeraketa naturala izan da. Aurkitu ditudan testuak erakargarriak dira eta ni naiz erdian dagoena. Izen ezberdinak izanda ere, badago lotura bat.

Eta zein da lotura hori?

Lotura ni naiz. Aipatzen diren gaiek, metaforek, figurek… oso haize antzerakoa transmititzen dute. Oso gertukoak dira, oso nireak egin nitzakeenak.

Jakin ohi duzu zergatik aukeratzen duzun testu bat edo beste?

Kolpeak dira, eta maiz ez dago azalpen arrazionalik. Azalpen arrazionalak ez doaz bat artearen kontzeptuarekin, niretzat kolpeak dira eta erabat intuitiboak. Ez dut liburu bat hartzen jakinda hortik testu bat aukeratuko dudan edo ez, sortzen bada bai. Beste batzuetan idazle bat ikusten duzu interesgarria eta hasten zara arakatzen idatzi duen obran. Baina ez da bilaketa bat, ez da laborategi bat, iristen zaizkizu edo ez.

Intimoa eta introspektiboa da begirada «Rueda» diskoan.

Hasieratik argi nuen ez nuela disko kontzeptual bat egin nahi, inondik inora. Nahi nituen kantu batzuk sortu. Orain arte, gehienetan, izan naiz ideia baten bueltan aritzekoa, baina disko honetarako asmo bakarra zen kantu batzuk aurkeztea modu biluzian, gitarra, ahotsa eta elektronika pixka batekin. Kito. Ez nuen nahi ideia zehatz baten inguruan hausnartzen hasi, atseden hartu nahi nuen rollo horretatik. Hala ere, gero konturatzen zara hala planteatu arren, zaila dela eskema horretatik ihes egitea, zeren azken batean norberan, aukeraketan, badago kontzeptu bat. Konturatzen zara zeure buruarengandik ihes egitea ezinezkoa dela, eta bueltatzen zarela zure ohiko zirkulura. Asmoa hori ez izan arren, lotura handia dago kantu guztien artean eta kontzeptua oso eraikita dago, nahiz bakoitzaren gaiak oso ezberdinak izan.

Ahotsa, gitarra eta elektronika dira osagaiak. Zentzu horretan badu «Hiri kristalezkoa» (2017) aurreko lanaren zantzurik?

Baiezkoan nago, nire egiteko modua ez da horrenbeste aldatu eta Jon Agirrezabalaga ekoizle berberarekin lan egin dut, gainera. Lengoaia ez da horren rock edo pop, beste estetika batean murgildu da, baina lan bat eta bestea entzun ondoren uste dut ez daudela elkarrengandik horren urrun. Aurrekoaren garapen natural bat da, ez nuen ezta hortik ihes egiteko asmorik.

Tonu bat baino, iruditu zait diskoak atmosfera bat duela. Eta neurri handi batean elektronikak sortutakoa dela.

Gezurra esango nuke hori bilatu dudala esango banu, baina bai, egia da atmosfera duela. Nik sumatzen diot hori eta agian inkontzienteki horren bila joan naiz… Hori da nire DNAn markatuta dudan zerbait, hau da, harmoniarekin jolasten hasten naizenean ere badut joera hori, eta suposatzen dut azkenean kantuak egiterakoan halako emaitzak ateratzen direla. Ez baduzu asmatzen kantuak garatzean edo janzterakoan, harmonia batek sortzen dituen giroak galdu daitezke bidean, edo instrumentazio bat aukeratzerakoan… baina disko honetan hain buelta gutxi eman dizkiegu gauzei, kantuen sorreratik emaitzara egon den trantsizio hori oso modu naturalean eman dela. Pentsatzen dut nire marka ere argi ikusten dela horretan, eta beharbada horrek ere ematen dio kutsu atmosferikoa. Uste dut horretarako joera dudala.

Sortze prozesuaren epeak kontuan hartuta, pandemiak bete-betean harrapatu duen proiektua da. Zer neurritan eragin dio honek guztiak?

Ez dakit esaten zehatz nola, baina seguru nago sekulako eragina izan duela, zeren nire izaera eta animoa guztiz jota daude bizitzen ari garen egoera honengatik, eta imajinatzen dut edozein antzera dagoela. Halako bizipen batek ezinbestean ukitu behar du pertsona, niri behintzat psikologikoki kolpe handia suposatu dit honek, aldartean, egiteko moduan… bete-betean harrapatu nau. Aurretik ere banuen pentsatuta lan bakartia egitea; aurrekoetan ez bezala ez dut musikariekin harremana izan kantuak sortzerakoan, beraz, nolabait isolamendu hori biderkatu egin da. Ni afektatuta nago, jendea bezala. Ez da xamurra izan. Eta terapia modukoa izan da ere halako lan batean aritzea eta pixka bat barrenak hustu ahal izatea.

Abesti bakarra idatzi duzu, «Bide erdian». Izenburutik irakurketarik egin behar da?

Kantua atzetik dator. Hasteko, ni ez naiz idazlea, eta ez daukat nire izena aukeratu ditudan beste idazle eta egileen parean jartzeko asmorik. “Bide erdian” egin nuen bakarkako lehen diskorako idatzi nuen lehen kantua da, eta hasieran, guzti honen aurretik, hasi nintzen maketak egiten aurreko lanetan argitaratutakoekin, bertsioak, probak… eta azken fasera iritsi den kantu bakarretakoa izan da. Bestetik, polita iruditzen zitzaidan orain Rueda naizenez, edo lan hau beste mugarri bat izan daitekeenez izenari dagokionez nire ibilbidean, berreskuratzea aurreko saltoa egin nuen horretatik kantu bat. Horregatik berreskuratu dut. “Bide erdian” bada metaforikoki nire sentipenaren isla.