Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Egunen harira

Egunero dago zer ospatu; edo, pandemia aldi honetan, baita zer ez-ospatu ere! Azken batean, egunero daukagu etorkizunaren lehen eguna; hortaz, balioa eman behar diogu egunerokoan egindakoari, eta gogoetatu ere egin behar dugu egindakoari buruz, bihar izan dezakegunaren erakusle, eta egunean bertan egin dugunaren erakusleiho. Beste gauza da, oso bestelakoa, nazioarteko egun ofizialena. Amen! Aitarena izan, amarena edota espiritu santuarena, saltoki handiena zein negu-gasen isurtzearena, aberriarena edo erbestearena, izurritearena zein txertoarena, torturarena edo torturaren aurkakoa, jelkideena zein jeltzaleena... Total, hamaika egun ofizial izateko gara!

Eta orain gutxi, nazioarteko komun-ontziarena izan da! Bai, badakit planetako mundu askotako etxe ugaritan saneamendu eza dela duten bakarra; ez-saneamendua esango genuke lehen mundukoek pandemia hiztegian. Hala ere, niri bestelako komuna etorri zait burura egunaren haritik, gerora begira han-hemengo ezkerrek komunean hartu beharko luketen jarrera, etorkizuneko komuna ez dadin izan orain arte han-hemengo batzuek ezarritakoaren bidekoa... edo horren «bidet-ekoa»! Asko dago saneatzeko, komunean ez ezik etxearen leku guztietan ere, nork berean, jakina! 0 Km-ko saneamendua! Portzierto, esan barik doa komun-ontzia dela irakur-leku aproposa!

Harira, Murgoitio, demontre, ha-ri-ra! Ados! Non nengoen? A, bai, Legebiltzarrean! Berrogei urte bete du aurton Gasteizen egoitza duenak. Bai txikia gero osoko bilkura lekua! Hain txikia non osoa ezin izan! Ez-legebiltzarra! «Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» esaera politikoek behintzat ezin han gauzatu, belarriprest gutxi dira eta! Eta leihorik ez! Argi artifiziala, pribatua! Ganbera sikiera gehituko baliote ganbarari! Ez dakit nongo esaera zaharrak dioen bezala, «Azkar joan gura baduzu urrun, ez abiatu; astiro joan gura baduzu urrun, ez gelditu!».