Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Golik tristeena

Joan den azaroaren 25eko manifestazioan geundela, «Maradona hil omen da» esan zuen batek, eta nik segituan «gaurko egunez, hain zuzen, bizitzaren bitxikeriak» pentsatu nuen. Beste edozein azaroaren 25eko iluntzean ez nuke albistegirik ikusiko, tabernaren batean egongo nintzatekeelako lagunekin emakumeon borroka ospatzen eta tentsioa askatzen. Baina aurtengoan, erlaxatzeko etxeratu egin gaituztenez, ez bat ez bi ez hiru, katez kate saltoka aritu nintzen albistegi batetik bestera, inon entzuten ari ez nintzena ezin sinetsirik, azaroaren 25eko iluntzean, preseski, mundu osoan emakumeon kontrako indarkeriak eta horiek eragiten dituztenak salatzeko denetariko ekintzak izan ondoren. Zertarako, eta gure pankartak etxeratu eta ordubete eskasera telebista-kate guztiek teleberri bakarrean, literalki, egun horren atzean dagoen guztia, milioika emakumeren bizitzak baldintzatzen dituena, aulkira bidaltzeko; joko-zelaiaren erdian mitoak, inoizko golik ospetsuenaren egileak, azkenekoz distira egin dezan, zale amorratuen sugarra gasolinarik gabe gera ez dadin.

Haluzinagarria izan zen «haren bizitzaren argiak eta itzalak», «loria eta infernua», «txaloak eta txistuak», «kokaina, alkohola» horien guztien artean «tratu txarrak, jokabide biolentoak, adingabeekin argazki penagarriak, bideo garbiak» bat bera ere ez entzutea. Saltoka, espainiar telebistetatik geureetara, erabateko antsietatez itxaron nuen berriemaile koherenteren batek, justuren batek, ausarten batek, arraioa!, izarraren alderdi iluna ere pantailaratu zezan, ez futbolariarena soilik gizonaren nolakotasuna ere bai, eta, egun ezin egokiagoan adibide ezin egokiagotzat hartuta, jendarteetan emakumeon kontrako biolentzia oro desagerrarazteko oso beharrezkoak ditugun gogoeta, eztabaida, jakin batzuk ikusleengan bultzatzea: beren jardun publikoagatik miretsiak diren gizonekiko tolerantzia-maila onartuak, publikoki nahita alboratzen diren «kalean uso, etxean otso» horiek guztiak, eta hori sustatzearen erantzukizuna nori dagokion, besteak beste. Hedabideek herriari opioa eman besterik ez egin beharrean emakumeon etorkizunaren aldeko golak sartzen izugarri lagunduko bailukete horrela.

Golik tristeena –bidegabe eta zikina izan zen neurrian–, baina, andre guztioi sartu zeniguten joan den azaroaren 25eko iluntzean, aditzera emanez askoz larriagoa edo penagarriagoa dela kokainaz belarrietaraino jartzea bikotekidea jipoitzea baino, adibidez, eta argi utziz, gizonezko erasotzailea nor den, erasotakook babesgabe jarraituko dugula. Samingarria, benetan.