GARA
DONOSTIA

Iraganeko maitasun hitzak

Euskara arkaikoan idatzitako maitasun poema baten zirriborroa topatu dute Oñatiko Artxibo Historikoan eta, lehen zantzuen arabera, 1508 eta 1521 artean idatzitakoa da. Azkoitiko notario-protokolo dokumentu batean agertu da. Ikerketa sakon bat irekitzen da orain, besteak beste, egiletza argitzeko. Bi astez egongo da ikusgai Koldo Mitxelenan.

Rosa Aierbe ikertzaileak Oñatin egoitza duen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan dokumentuak aztertzen ari zela egin zuen aurkikuntza: ohartu zen Azkoitiko notario-protokolo batean bazegoela euskaraz idatzitako «testu zahar bat».

‘Ene laztan gozo ederra

penaz penaçen naçu.

Orreyn culez ninduçula

Nola amora nençaçun

ori escuan ezpata?

Çeure escuoz naraçu

andicoz eta ebeticoz (…)’

Horrela zioten idatziaren lehen lerroek. Haritik tiraka jarri ziren, eta lantalde berezi bat ikertzen jarri zen. Atzo, Euskararen Egunean, eman zuen aurkikuntzaren xehetasunen berri Gipuzkoako Aldundiak.

Aurkikuntzak garrantzi handia duela azpimarratu zuten, gutxi baitira XVI. mende hasierako euskarazko testuak. Gaur egun arte iritsi diren ia guztiak mikrotestuak dira, esaldi solte batzuk edo kopla txiki itxurakoak. «Euskara arkaikoan idatzitako testuen eskasia kontuan hartuta (1660. urtea baino lehenagokoak, Lakarraren arabera), esan dezakegu Oñatin agertutako poema zirriborroa izan daitekeela euskaraz kontserbatzen den testurik zaharrenetakoa», adierazi zuen Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Egin diren lehen estimazioen arabera, 1508 eta 1521 artean idatzitakoa da, eta «ez da gerora ohikoagoak izango diren euskarazko testu erlijioso horietako bat, maitemindu baten giza historia bat baizik», erantsi zuen. Hala ere, azpimarratu zuten testuak poema zirriborro batzuen tankera duela ematen duen arren, ikerketa «sakon bat» beharrezkoa dela testuaren duela behin betiko generoaren identifikazioa egin ahal izateko.

Ander Ros filologoaren arabera, «testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik gainera zaharrena, ia bakarra». Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, berriz, adituaren ustez, «kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia; izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen».

Maitasun poemaren egileari dagokionez, ikerketa lan bat egin behar da; izan ere, testua Miguel Ibañez de Insausti eskribauaren protokolo batean badago ere, 1503 eta 1522 bitarteko notario-eskriturak dituena, uste da testuaren egilea dela ikasketa prozesuan Insaustiren eskribautegian lan egin ahal izan zuen eskribauetako bat. Idazketa datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentziak bide ematen dute baieztatzeko testua 1508 eta 1521 artean idatzi zela.

Artxiboko langileen lanari esker, eta Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, irakurtzen oso zaila den testu honen lehen transkripzioa egin ahal izan da, eta datozen bi asteetan eskuizkribua ikusgai egongo da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. «Altxor bat da, baina ez giltzapean gordeta edukitzeko horietakoa, euskararen azterketan sakontzeko aukera baizik. Gure hizkuntzaren bilakaerari buruzko ikerketan eta ezagutzan aurrera egitea da hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko ahaleginean izan dezakegun oinarririk sendoena. Eskuizkribu honek argi berria eskainiko du zeregin horretan», ziurtatu zuen Markel Olano ahaldun nagusiak, zeinentzat «bereziki pozgarria» izan den albistea Euskararen Nazioarteko Egunean zabaltzea.