GARA
BILBO

Kaleratzeen aurkako lanuzte berriak Tubacexen Arabako lantegiak gelditu ditu

Tubacexen Laudio eta Amurrioko lantegietako langileek enpresak iragarritako 150 kaleratzeen aurka protestatzeko deitutako 24 orduko lanuzteari ekin zioten atzo. Ekoizpena erabat gelditu zela adierazi zuen enpresa batzordeak. Arabako Foru Aldundiari «inplikazioa eta babesa» eskatu zioten Batzar Nagusietan, eta, enpresari, industria plana.

Laudion eta Amurrion Tubacexek dituen lantegietan laugarren egun osoko lanuztea deituta zegoen atzo eta «ia langileen ehuneko ehunek» bat egin zuten deialdiarekin, azaldu zuen enpresa batzordeak. Geldialdiaz gain, Gasteizen elkarretaratzea egin zuten Arabako Batzar Nagusien aurrean ‘‘Enpleguaren defentsan’’ lelopean. Barruan, Garapen Ekonomikoko Batzordearen aurrean Aldundiaren «inplikazioa eta babesa» eskatu zuten langileen ordezkariek.

Tubacex Aiarako «motor ekonomikoa» dela azaldu zuten eta enpleguaren alde inplikatzeko eskatu zioten Aldundiari. Orain 150 langile kaleratu nahi dituzte, baina aurretik aldi baterako kontratuak zituzten beste 150 kaleratu zituztela gogoratu zuten. Gainera, neurriok, «baldintzen murrizketen eta lan faltaren» ondorioak jasaten ari diren «zeharkako mila enpleguetan» duten eragina gogoratu zuten.

Enpresak aurrera eraman nahi duen berregituraketan beste 150 langile kaleratu nahi ditu eta hitzarmena hautsi. LAB sindikatuak salatu zuenez, asmo horiei deslokalizazio mehatxua ere gehitzen zaio: «Enpresa batzordearekin egindako bileretan adierazi dutenez, Laudioko eta Amurrioko lantegietan eta kanpoan zer lan egingo dituzten erabakiko dute, errentagarriak ez direla diotelako». Gogoratu zutenez, enpresak urteak daramatza laguntzak jasotzen.

Industria plana

Tubacexen bideragarritasuna defendatu zuen enpresa batzordeak, azken urteetan «etekin handiak» lortu dituela gogoratuz. «2019an, 11 milioi euroko diru sarrerak izan zituen, milioiak inbertitu ditu enpresak erosteko eta 100 milioi euroko kaudimena du kutxan».

Enpresa batzordeak Laudio eta Amurrioko lantegietako helburuak markatuko dituen industria plana eskatu zuen.