Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Pauso bat aurrera egiteko unea

Etxeko partidak hil ala bizikoak direla ohartarazi du Garitanok euskara hutsean egindako agerraldian. Yuri eta Capa deialdian sartu dira.

Athleticek sostengua eman dio aurten ere Euskaraldiari eta atzo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen zenez, Garitanok euskaraz bakarrik hitz egin zuen Celtaren kontrako partidaren aurretik. Keinu adierazgarria izateaz gain, Derioko entrenatzailea eredu ere bada horretan. Getafen jokatutako azken norgehiagokan esaterako, telebistako kazetariek nabarmendu zuten aginduak euskaraz ematen ari zela jokalariei.

Bi urte beteko dira abenduaren 5ean Athleticen lehen taldeko entrenatzaile izendatu zutenetik eta euskara zabaltzen egindakoa ere bada aipatzekoa. Balorazio bat egiteko eskatuta, kazetarien esku utzi zuen hori Garitanok eta ziurrenik gauza onak eta txarrak egin dituela adierazi zuen. Beti esaten duen bezala, hurrengo partidan dauka burua, «astero azterketa bat» gainditu behar baitu Athleticekin. Jokalariei ohartarazi omen die lortutako azken puntuekin ezin direla konformatu eta sailkapenean «salto bat» gorantz egiteko aukera daukatela.

Eduardo Chacho Coudet argentinarra da Celtaren entrenatzaile berria eta taldea eraberritzea lortu duela dirudi. Kalitate handiko jokalariak dituzte erasoan. Iago Aspasek mailarik onena berreskuratu du eta Granadaren kontra Santi Mina, Nolito, Denis Suarez eta Brais Mendez hamaikakoan izan ziren.

Kontuz ibili beharko du Athleticek defentsan. Iñigo Martinez zigorturik dago eta Nuñezek beteko du haren hutsunea. Ikusteko dago Vencedor, Vesga eta Villalibre titularrak izango diren hirugarren aldiz. Taldearen eraldaketan berebiziko garrantzia izan dute, nahiz eta Garitanok une honetan hamaikakoa ez dagoela erabakita esan. Galiziarrak Betisen antzeko taldea direla komentatu zuen eta baliteke apustua berrestea.

Bestalde, Getafen zelaia lesionaturik utzi behar izan zuten Yurik eta Capak arazo fisikoak gainditu dituzte. Kodro deialdian sartu da eta Oier Zarraga kanpoan geratu da bigarren jardunaldiz jarraian.