Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Komunitatea

Aurtengoa amaitzeko irrikan gaude, urte berriak dakartzan segurtasunik ezak nabarmenak badira ere. Pandemiaren nekeak eragindako presa ulertzekoa bada ere, pazientziak eta zientziak bat egin behar dute, bigarren honek funtziona dezan. Gorde ditzagun urte honek eman dizkigun irakaspenak, ohar gaitezen memoriak duen garrantziaz.

Isilarazitako hedabide baten oinordeko honen baimenarekin, orain egun gutxi 30 urte beteko zituen “Euskaldunon Egunkaria” ekarri nahi dut gogora. Euskara hutsean plazaratzen zen egunkari bakarra gure komunitatearen erreferentea zelako itxi zuten. Euskaldunok osatzen dugun komunitatea. “Egunkaria”-k bizirik jarraitzeak batzuek desagerrarazi nahi duten komunitate eta errealitate baten onarpena eta jarraipena suposatuko zukeelako. Geroztik, baina, bere lekua hartu duten bestelako egitasmoak eta profesionalak ditugu gurean, herri honetan kalitatezko kazetaritza egiten duen komunitatea osatuz. Gure komunitatea beste edozeren gainetik babesten duen herrikoak garelako. Sekula irudikatu ez genezakeen aurtengo Durangoko Azokan ikusi ahal izan dugun legez.

Gabonetan zenbat elkartu ote gaitezkeen aztertzen gabiltza eta, akaso, orain distantzia fisikoa mantentzea aurki distantzia soziala bertan behera uzteko bermea izan daiteke. Orain ez elkartzea izan liteke gure komunitatea, gure tribuak, babesteko modurik onena.