Muhamadu Ladur
Ernaiko kidea
GAURKOA

Saharak berri

25 urte ditut, Euskal Herrian lan, bizi eta militatzen duen gaztea naiz. Gatazka baten ondorioek eraman ninduten gatazka baten parte izatera. Hain zuzen ere, Euskal Herrian errefuxiatu behar izanak herri honen askapen prozesuan nire aletxoa jartzera eraman ninduen. Ni jaio baino 4 urte lehenago isildu ziren armak Afrikako azken kolonia izan behar zen horretan, negoziazio prozesu batek ekarri baitzuen gerra osteko lehen su-etena. Gerraosteko isiltasunak herriari eman behar zion hitza eta erabakia; saharar herriak bere etorkizuna demokratikoki erabakiko zuen.

Testuinguruan kokatze aldera, 1975ean frankismoaren azken egunak zenbatzen ari zirenean, espainiar Estatuan frankisten aurpegi garbiketarako orkestraturiko fake-trantsizioa diseinatzen ari zenean, txanponak hainbeste maite dituen Juan Carlos I.a Borboikoak Sahara txanpon gisa baliatu zuen. Lurraldea Mauritania eta marokoar diktadurari salduz. Independentzia ekarri behar zuen deskolonizazio prozesuak gerra ekarri zuen, transakzioa bilakatuz. Fronte Polisarioak Mauritania ekuaziotik laster atera zuen 1979an, militarki garaitu baitzuen, eta Arjeleko ituna sinatu zuten bi aldeek. Ordutik, aldebikoa izan da gatazka; boxeo ring batean bezala, Nazio Batuen jokozaindariarekin eta mendebaldeko ikusleekin, azken roundaren bila.

Pandemia dela-eta, arduraz hainbeste hitz egiten ari den garai hauetan, hitz egin dezagun gatazka honetan ardura daukaten alde guztiez. Iparraldetik hasita, nabarmentzekoa da frantziar Estatuak ordutik gaur egun arte izan duen papera. Gerra piztu zenean baliabide militarrez hornitu baitzuen marokoar diktadura eta NBEan duen beto ahalmena baliatu izan du inolako erreferendumik gauzatu ez zedin. Espainiar erresumari dagokionez, bere DNAn hain errotuta daukan nazio zapalduen ukaziorako joeraren beste espresio bat aurki dezakegu kasu honetan. Aldebiko aurpegiarekin jokatu baitute momentuan momentuko deklarazioen bitartez, publikoki saharar herriaren aldeko sasielkartasun deklarazioak luzatuz eta diplomatikoki marokoar diktadurarekin hitzarmen komertzialak sinatuz. Zurrunbilo honetan, gogora ekarri nahi ditut Abdulah Arabi Polisarioko ordezkariaren hitzak: «Espainiarengandik ez dugu ezer espero, egin diguna baino min handiagoa ez egitea, besterik ez». Giza eskubideen bermatzaile izateko jaio zen Nazio Batuen Erakundea da gatazkan honetan arduragabekeriaz jokatu duen beste aldeetako bat. Izan ere, Autodeterminazio Erreferendumaren gauzapena eta berme demokratikoak erakunde honen esku geratu ziren 1991n sinatutako akordioan. Beste behin ere, interes ekonomiko eta geopolitikoak giza eskubideen gainetik jarri dira.

Arduragabeen zerrenda alde batera utzita, Saharako herrian jarri nahiko nuke fokua. Honen deskribapenerako, egokia iruditzen zait saharar banderaren esanahia oinarritzat hartzea:

Esperantzaz beteriko berdea. Zerbaitek ezaugarritu baldin badu saharar herria esperantza izan baita. Urteetan zehar zapalduak egon arren, munduan zehar sakabanatutako komunitatea izan arren eta gatazkaren konponbiderako bide guztiak itxita izan arren, belaunaldiz belaunaldi borrokan jarraitzeko beharra bizirik mantentzeko gaitasuna izan du Saharako herriak. Belaunaldien arteko transmisioa izan da gako nagusietarikoa, bestela pentsaezina izango litzateke berrogei hamarkada baino gehiago igaro ondoren ehunka gaztek borrokarako deiari erantzun izana. Gazteak izan dira azken asteetan beren lan prekarioak, ikasketak eta ingurunea alde batera utzi eta batailaren lehen lerrora jaitsi direnak; herriarekiko konpromisoa azkenera arte eramateko prest daudenak.

Gazteez gain, saharar emakumeen papera goraipatuko nahiko nuke, erresistentziaren motorra izan direlako gau eta egun. Azken asteetan Euskal Herrian ikusi ditugun mobilizazioak horren argazki izan dira: askatasun aldarriak lau haizeetara momentu oro zabaldu dituztenak izan dira. Hain zuzen ere, gerraren lehen urteetan borrokaren lehen lerroan egoteaz gain –emakumeez osaturiko lehen batailoia 1974an sortu zen–, erbestean eraikitzen ari zen Saharar Errepublikaren oinarriak eraiki zituzten emakumeek.

Bakearen ikur den zuria. Bakeari bidea eraikitzeko borrokatzera behartua izan den beste herri bat gehiagoren historia bada hau ere. Bakeari momentu oro ateak ireki dizkio saharar herriak eta, hala ere, gatazka armatuaren berpiztearekin asko izan dira herri honen izaera baketsua zalantzan jarri dutenak. Baina zer da bakea? Bakea al da berrogei urte baino gehiago estatu zapaltzaileen menpe egotea? Bakea al dira lurralde okupatuetan bizi diren saharar herritarren kontrako etengabeko atxiloketak eta torturak? Bakea al da lurralde baten aberastasunak etengabe ustiatzea? Ez gaitzatela engainatu, herritarron eskubide zibil eta politiko oro bermatuta egon arte ez da bakerik egongo.

Odolaren gorria eta doluaren beltza. Heriotza da edozein gatazkaren alderik gordinena. Asko izan dira borrokan erori diren gudariak eta haiengatik guztiengatik ere borrokan jarraitzen du saharar herriak. Asko izan dira baita ere azken urteetan marokoar diktaduraren espetxeetan hil diren presoak, torturen edo gaixotasun larrien ondorioz. Badirudi independentismoaren kontrako borrokan asko ikasi duela bere Europako kideez erreinu aliatuak.

Brigade Loco talde bergararrak dioen bezala, esperantza piztu zen munduan zehar, ekintzek dute hitza. Piztu zen eta piztu da. Izan ere, saharar herria hamarkada luzeetan mugiezina izan den harri bati begira egon da, batzuen promesa elektoralen antzera inoiz gauzatu ez den erreferendum baten zain. Azkenik, iniziatiba hartu eta askapen prozesua azeleratzeko hautua hartu du.

Euskal Herritik, zapata desberdinekin baina bide berbera jorratzea dagokigu, saharar gazteriak egin bezala, hemen ere gazteoi dagokigu pauso bat aurrera eman eta askapen prozesuaren lehengai eta motor izatea. Asko dugu borrokatzeko eta gehiago irabazteko.

Sahara Hurra!