GARA
bilbo

2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egin dute

Aurretik zenbait lurraldetako txapelketekin gertatu bezala, Bertsolari Txapelketa Nagusia ere atzeratu egingo dute, datarik zehaztu gabe, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dute data berria.

2021ean egin behar zen Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo da, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak atzo iragarri zuenez. Oraingoz, gainera, covid-19 gaitzak eragindako pandemiaren bilakaeraren zain, ez dute iragarriko noiz egingo den.

«Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak», azaldu zuen Bertsozale Elkarteak. Erakunde horren ustez, oraingo egoeran «pentsaezina» da ekitaldian elkartzen den jendetza biltzea. Gainera, «osasun irizpideak aintzat hartuta», gerta zitekeen ere momenturen batean parte hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. «Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago», adierazi zuten.

Aurten aurreikusita zeuden txapelketek eman dute begitandutako zantzu horien berririk. Udazkenean bi txapelketa ziren jokatzekoak, eta atzeratu egin behar izan zituzten biak: Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Xilaba txapelketa eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak irailean azaldu zuenez, «txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egungo egoeran. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera alda daitezke, eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batean parte hartu ahal ez izateak, txapelketa osoa galtzea eragingo luke».

Era berean, kontuan izan behar da 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren bai Arabako bai Nafarroako bertsolari txapelketak ere atzera egin dituztela. Zehazki, 2021eko urtarrilaren eta martxoaren bitartean zen jokatzekoa hasiera batean Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa, baina, pandemiaren eraginez hitzordua atzeratzea erabaki du azkenean Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Horrenbestez, egoera ikusita eta kontuak izanik Txapelketa Nagusian aritzeko txarteletako asko lurraldekako txapelketetan banatzen direla, azkenean Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dute. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dute data berria.

Plazak bultzatzeko ekimena

Zailtasunak zailtasun, Bertsozale Elkarteak atzo iragarri zuen 2021ean bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen jarriko duela indarra. «Bertsolaritzan ari garenon artean osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero, kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako». Horregatik, bertso eskolen eta antolatzaileen lana aitortu eta plazak sustatzeko ekimen bat aurkeztuko dute datozen egunetan.