Asier AIESTARAN
PILOTA

Bengoetxea eta Altuna, antzeko baina desberdin

Material berdintsua aukeratu dute ibilbide profesionaleko oso une desberdinean dauden pilotariek.

Antzekotasun dezente dituzten pilotariak dira Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna. Aurrelari biziak dira, “artista” esaten zaien horietakoak, fisikoki ere nahiko tankerakoak, erasokorrak, defentsan azkarrak… Eta atzo Bilbon egin zuten pilota aukeraketan ere agerian gelditu zen hori, material oso antzekoa hautatu zutelako, ezaugarrietan zein pisuan (Oinatzenak 104,1 eta 104,5 gramo; Altunarenak 104,4 eta 104,8 gramo).

«Pilotak gustatu zaizkit, egia esan. Material ona da, bai nik aukeratutakoa bai berea, biok pilota berdintsua erabiltzen dugulako. Ez dago inolako aitzakiarik», onartu zuen Bengoetxeak. Eta Altuna ere iritzi bereko agertu zen: «Material ona da, lau pilotak antzekoak dira, lurrean bizi ibiltzen direnak».

Altuna, ordea, Oinatz baino 12 urte gazteagoa da. Amezketarra bere ibilbidearen hasieran dago oraindik –hala espero dugu behintzat– eta leitzarrak badaki goi-mailan jarraitzeko bere azken aukerak izan daitezkeela hauek. Horrek denak egiten du erakargarri larunbatean jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako neurketa.

«Partida oso-oso zaila daukat. Badakigu Jokinek ikaragarri jokatzen duela pilotan. Pilotari latza da eta neurketa oso gogorra izango da», esan zuen Bengoetxeak aurkariari buruz. Gogoratu behar da leitzarrak Irribarria kanporatu zuela final-zortzirenetan eta final-laurdenetan ez zuela jokatu beharrik izan Urrutikoetxearen lesioagatik.

Jokin Altunak, aldiz, Danel Elezkanoren aurka jokatu zuen final-laurdenetan, eta lehen tantoetan asko sufritu zuen bizkaitarraren aurka (9-1 galtzen hasi zen). «Partidan sartzea kostatu zitzaidan, baina uste dut Danelen meritua izan zela, hasiera bikaina egin zuelako. Larunbat honetan ezin dut horrelako hasierarik egin, Oinatzek oso opari gutxi egiten dituelako. Partida azkarra espero dut, Oinatz erritmo oso altuan jokatzen duen pilotaria delako», aztertu zuen amezketarrak dema.

Gaur Jaka eta Ezkurdiaren txanda izango da Eibarren.