Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Lemmy.eus

Interneteko foroak lehen orain baino gehiago erabiltzen ziren, ziur aski. Edo ezagunagoak ziren duela urte batzuk, beste sare sozial batzuek indarra hartu aurretik. Foroen existentziaz badakiten horien artean ere, agian, ez dira asko izango erabiltzaile aktiboak. Baina, beste tresnak ez bezala, baliagarriak dira oso gai zehatzen gaineko galderak egin edo iritzia emateko. Eta gai horien bueltan interes komunak dituztenen arteko komunitateak sortzeko.

Web-foro bat da, hain zuzen ere, Lemmy.eus. Zergatik Lemmy izenarekin? Ez delako web-foro isolatu bat. Badira Lemmy gehiago: Lemmy software libreko tresna baten izena delako, modu federatuan garatuta dagoena. Hau da, Lemmy txikiak sor daitezke (instantziak) eta elkarren artean konektatu. Web-foro banatu baina saretu bat dela, alegia. Eta gobernantza eredu horizontalekoa. Hori da tresna federatuak besteengandik ezberdintzen dituena: instantzia bakoitzaren autonomia mantenduz euren artean elkarlanean aritzen direla.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztu zen, Lemmy-ren lehen euskarazko instantzia delako Lemmy.eus. Hau da, euskaraz galderak egin, bitxikeriak edo albisteak partekatu edota gai ezberdinen gaineko eztabaidak sortzeko aukera ematen du. Dena euskaraz.

Zerbitzu federatu deszentralizatua (posta elektronikoa da adibide argiena) egun oso zabaldua dagoen funtzionamendu zentralizatuaren aurka doa. Zerbitzu zentralizatu batean (Twitter, esaterako), erabakiak zerbitzuaren sortzaileak hartzen ditu, zerbitzu osorako, eta horrek pribatutasunean eta datuen jabetza eta erabileran sekulako eragina du. Zerbitzu zentralizatu hauek ez dute gainerako gisako beste zerbitzuekin elkarlanik burutzen. Twitter erabiltzaileek euren artean hitz egin dezakete soilik. Lemmy, Mastodon eta gisako tresna libre federatuak kontrako norabidean doaz.

Teknologia ez da neutrala. Norbanakoen eta kolektiboen soziabilitaterako tresnak ere ez. Ez dira teknologia soilak. Ondorio etiko, sozial, politiko eta ekonomikoak dituzte.