Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
ERIK JAKA
ASPEKO pilotaria

«Postu bat irabazi dut, baina estatus aldetik jendea dago nire gainetik»

Konfiantzaz eta jokoz gainezka, lizartzarrak bere egungo une gozoa ahalik eta gehien luzatzeko asmo irmoa dauka. Elkarrizketaren bertsio osoa NAIZen dago irakurgai.

Buruz buruko txapela asimilatzeko astirik izan duzu?

Lehen aste horretan ez hainbeste, gorputza oso aktibo sentitzen nuelako. Lehen astean kostatu egin zitzaidan berriz ere arrankatu eta txapelketa batean buru-belarri sartze hori. Gehiago kostatzen da, gorputzak eta buruak tentsio puntu hori galdu bezala egiten dutelako, baina aurtengo egoerak eskatzen du, bai edo bai, zentratuta egon beharra. Nik uste aurreko astean lortu nuela berriz motibazio puntu hori eskuratzea, zentratzea berriz txapelketa batean buru-belarri, eta nik uste igandean kantxan nabaritu zela.

Buruz buruko txapelak bizia aldatu dizu?

Ez dit aldatu eta ez zait iruditzen aldatuko didanik ere, egia esan. Nik lehengo bizi bera egiten jarraitzen dut, lehengo inguru berarekin jarraitzen dut eta hala jarraituko dut.

Txapela irabazi berritan aldarrikatu zenuen ezkutuan-edo zaudeten pilotari batzuk ere lan handia egiten ari zaretela.

Bai, baina ez ezagun izateko zentzu horrekin, baizik eta kirol mailan. Azkenean kirol mundu hau ez dugu osatzen bakarrik  kirolari garenok, enpresako partaide guztiek, kazetari guztiek ere osatzen duzue… Zirkulu horretan, normala den bezala, txapeldun izan direnen  edo izar estatus hori daukatenen inguruan zentratzen da dena. Eta beste kirolari batzuez ez dut ahaztu esango, baina apenas ez da hitzik egiten eta nik aldarrikapen bezala esan nuena izan zen txapelak ez dituztela bakarrik irabazten estatus hori dutenek, lan apalagoa egiten dutenak ere igual-igual dutela ahalmena txapelak eskuratzekoa.

Orain beste aldean zaude?

Bueno, momentuz ez dut horrela asimilatzen. Nik garbi daukadana da gure enpresan dagoen lehiakortasuna ikaragarria dela, eta, azken urteotako tonika jarraituz, gure enpresan bi mutil daudela, Jokin [Altuna] eta Joseba [Ezkurdia], ez dut esango ukiezinak direnak, baina bai estatus fijo bat dutenak, irabazitako estatus bat. Enpresako número 1 eta 2 bezala ikusten ditut nik eta gero beste pelotoitxo bat dago, eta ni pelotoi horren barruan ikusten naiz. Aurtengo urtea ikusita, nik uste Binakako Txapelketan eta udako torneoetan postutxo bat irabazita dudala, baina, hala ere, iruditzen zait estatus bezala oraindik nire gainetik dagoen jendea badagoela.

Nola dago Jokin?

Ez dakit ondo zergatik izan zen, elkarrekin daukagun erlazioarengatik, hirugarren finala jarraian galdu zuelako edo zergatik, baina oso jota ikusi nuen. Gero hurrengo asteetan ere elkarrekin ordu asko sartu ditugu eta ikusi dut kosta egin zaiola erremontatzea, baina buelta eman dio eta nik uste lehen baino arriskutsuago dagoela orain.