EDITORIALA

Euskararen alde jakintza eta tresna berriak pilatuz

Opari ederra ekarri diote Olentzero eta Mari Domingik euskarari, erabilgarria eta eskuragarria. Itzuli+ du grazia eta izen bereko itzultzaile neuronalaren doako luzapena da. Mugikorretan edo ordenagailu eramangarrietan ezarri daiteke eta euskaratik beste hizkuntzetara eta beste hizkuntzetatik euskarara itzultzen du, azkar, txukun, hizkiz edo hitzez. Zorionekoa da gure hizkuntza. Izan ere, aro digital honetan sarea da komunikazioaren ezinbesteko eremua, interaktiboa eta zuzena. Izatez ere, beste euskara bat sortu da bertan, aurrez existitzen ez zena, ekonomikoago eta adierazkorrago izateko letrak eta ikonoak tartekatzen dituena, idazkera arau propioekin. Horregatik guztiagatik, Itzuli+ tresna euskararen bizitasunaren erakuste da, baita esperantzarako ate irekia ere. Eta, nekagaitz, gau eta egun, jardun diren ikertzaileen lanaren lekukotza ere bada. Aitorpena merezi duen lana.

Euskal Herrian badugu tradizio bat, ikerkuntza egiteko oso hemengo modu bat, gutxiago eta txikiago izanik gehiago egitera bultzatzen duen euskal espiritu bat. Digitalizazioak eta datuen munduak eraginda, zientzia paradigmaren aldaketa bizi dugu. Eta matematika bezala, hizkuntzalaritza ere berritzea eskatzen du horrek, jakintza geruza berriak pilatzea, tresnen gaurkotze etengabea. Euskararen alde ahalegin horretan eta espiritu horrekin Itzuli+ proiektuan aritu diren ikertzaileen lana aitortu eta eskertu egin behar da. Ikasiz, asmatuz, emanez eta zabalduz, herriari eta hizkuntzari egin dioten ekarpena handia baita.

Euskaldunok, gizakiok, komunikatzen garen modua sakon eta oso azkar aldatzen ari da. Memoria gehiago eta sarbide errazagoa daukagu. Gure baitan errotik aldatzen ari da dena: nola erosten dugun, nola ikasten, nola irakasten, nola dibertitzen garen, gure inguruarekin nolako interakzioa dugun. Euskal itzultzaile neuronalak erronka horiei begira, pronostiko ziurrik gabeko garaiei aurre egiteko, euskaldunak indartu eta adoretu egiten ditu.