Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Gertutasuna

Hiru, bi, bat... urtea hondarretara iritsi eta datorrenari ongi etorria emateko prest; berria agurtzeko baino zaharra pikutara bidaltzeko gogo handiagoa daukat, hormako egutegia aldatzeak hormaz kanpokoa aldaraziko duela pentsatu nahiko nukeelako. Zozketa batean parte hartu eta tokatuko zaizula pentsatzen den modu berean, itxaropen hutsez. Atzera begirakoak egiteko ere balio dute urteko azken egun hauek. Ni ez naiz akordatzen kasik 2020ko lehen bi hilabeteetan gertatutakoaz eta ondorengoak denboran kokatzea kosta egin zait, egutegian gorri gutxi izanda, zaila delako beltzak bereiztea. Baina badira, egun gorririk gabe, egun ilunak baino bizi izan ez dituztenak.

Estatistikek diote osatzeko gaitasun handiagoa erakutsiagatik, emakume gehiago kutsatu direla eta arrazoia gertutasuna bera dela, zaintzeko gertu egon behar delako, telematikoki ezin delako pertsona bat garbitu, ezin zaiolako jaten eman, ezin delako eutsi. Distantziaren garrantzia bolo-bolo, halabeharrez gertu egotea tokatu zaie emakume askori, lehen lerroan fisikoki eta emozionalki.

Lepo gainean dugun hori ezin da gorputzetik bereizi eta horregatik ez dut ulertzen osasunaz hizketan, zergatik bereizten ditugun; edozein kasutan, pandemiak lepotik beherakoak eta handik gorakoak astindu dizkie zaintzaileei. Birusaren arrastoak ez ezik, tristura eta inpotentzia ere zirrikituetatik sartu zaizkielako, baina hori ez, hori ez da lan arrisku.

Asteburu honetan adineko zentroetara sartu gara, zuzenean ikusi ditugu apain-apain pozarren txertoa hartzen, horrek arnasa emango diela konbentzituta eta herritarrei eurek ere jar dezaten eskatuz. Bakarren batek egin du atzera begirakoa eta kontatu du sufritutakoa, baina, seguru asko, bizitako hori adinekoen eta zaintzaileen buruetan iltzatuta baino ez da geratuko.

Aitortzarako eta hausnarketarako urtea behar luke azken honek, zaintza lanetan ari diren pertsonen egoerara gerturatzekoa, baina beste behin zaintzaren gozoarekin geratu gara, gertutasunak eragiten duen kalte eta mina mahaiaren gainean eta gizartearen begien parean jarri gabe.