Jasone Mendizabal Altuna
Euskaltzaleen Topaguneko aisialdi batzordearen izenean
KOLABORAZIOA

Euskarazko aisialdia garatu nahi dugu eta bakarrik ezin…

Euskarazko aisialdia gazteak euskarara hurbiltzeko bide gozagarri eta eraginkorrenetakoa dela aspaldi erakutsi izan digute hainbat ikerketak. Eskolak bakarrik ezin du eragin euskararen erabileran eta, are gutxiago, pandemia egoerak eskola eremua harrapatu duenetik. Aisialdi eskaintza aberats eta zabal egokitu bat garatzeko beharra are gehiago indartu zaigu azken boladan.

Aisialdian dihardugun Topaguneko elkarteok gizarteari egiten diogun ekarpenari buruz gogoeta eragin nahiko genuke idatzi honen bidez; lehenik eta behin, gure bereizgarriak balioan jarriz: euskaltzaleengan oinarritzen gara, borondatezko lana artikulatuz; tokian tokian eratzen gara, eta auzo bizitzari lotzen gatzaizkio gertutasunetik; euskara biziberritzeko proiektua dugu ardatz; umeei eta nerabeei ez ezik, hezitzaileei ere euren jarduna euskara hutsez gauzatzeko lekua eskaintzen diegu; proiektu hezitzaile bat garatzeko balioetan oinarritzen gara, ingurumenari errespetua, kooperazioa, parekidetasuna, kultura eta hizkuntza aniztasuna…; eta haur eta gazteen ikuskera eta kontsumo joera berrietara egokitzeko etengabeko berrikuntzan dihardugu.

Pandemiaren eraginez euskarazko aisialdiko ekintza, gazteleku, ludoteka, udaleku eta abarrak bertan behera utzita, milaka eta milaka haur eta gaztek euskararekin harremantzeko zituzten aukera apurrak desagertu dira bat-batean. Eten horren aurrean, aisialdi eta kulturgintzako jarduerari eustea izan da gure lehentasuna eta aurtengo urterako aurreikusita geneuzkan 110 egitasmoetatik %44ri eustea lortu dugu ahalegin eskerga egin ondoren. %41, berriz, bidean gelditu dira.

Covid-19aren eraginez, erakunde publikoek kudeatzen dituzten udaleku eta aisialdiko eskaintza gehienak bertan behera gelditu dira martxoaz geroztik, baina aldi berean euskara elkarteoi aisialdiko jarduerei eutsi diezaiegun eskatu zaigu kasu askotan instituzioetatik.

Horrela, herri askotan gure jardunak bakarrik bete du herrietako euskarazko aisialdiko hutsunea, euskararen beharrei ez ezik, haurren jolasteko beharrari eta gurasoen zaintza beharrei ere erantzun diegularik. Horregatik, gugan konfiantza jarri duten horrenbeste gurasori esker ona adierazi nahi diegu eta baita babesa eskaini diguten horrenbeste udalei ere.

Bestalde, herrietan jasotako babesa gorabeheratsua izan da eta beste zenbait udalen babes falta ere sufritu dugu. Hainbat jarduera aurrera ateratzeko arrisku osoa gure gain hartu dugu eta beste zenbaitetan bertan behera utzi. Albo kalteak ere eragin dizkigu honek guztiak eta aurtengo ekitaldian 140.000 euroko galerari aurre egin beharko diogu.

Egoera honi buelta ematea ez da erraza izango, egungo haurren pantaila bidezko kontsumoa areagotu baita eta, horrekin batera, erdaretako eskaintzekiko lotura. Pandemiak ekarritako desafioei aurre egiteko aisialdiko sektorean birpentsatze eta egokitze gogor bati erantzutea dagokigu eta horretan hasi gara lanean.

Leiho honetatik aukera baliatu nahi dugu, erronka berriei erantzun ahal izateko askotariko eragile eta erakundeekin batera aurrera egin dezagun eskua luzatzeko, herri bizitzako eragileei, udalei, instituzioei eta sektoreko beste eragileei ere. Sektorea artikulatzeko, prekaritatea gainditzeko, ikerketak egiteko eta egitasmoen babes egonkorrak bideratzeko laguntza behar dugu eta honetarako guztirako lankidetza indartu.

Topaguneko aisialdi arloan euskararen desafio berriei heltzeko prest gaude. Hori bai, bakarrik ezingo dugu.