Mikel Aramendi
Kazetaria eta ikertzailea
JOPUNTUA

Urpeko ontzia

Urte-sasoi honetan ia saihetsezina izaten den ariketa txepel horretan –urteko hitza zein dela esango zenuke?– ari nintzen, Clarke Smith-en hausnarketarekin topo egin nuenean. Entzungo zenuten galdera bertsuari bederatzi urteko mutiko michigandarrak eman dion erantzuna: «Kalea zeharkatzeko alde batera eta bestera begira zaudela, urpeko ontzi batek etorri eta azpian harrapatzen zaituenean bezalakoa izan da».

Bai horixe, motel! Imajinazioa behintzat geratzen zaie oraindik gizaki batzuei. Kalean barrena ziztuan dabilen urpeko ontzi hori zehazki zer ote den erabakitzea, ordea, ez zait horren gardena iruditzen. Ahoratzen zaizun lehena, jakina, koronabirusa, covid-19a, litzateke. Pandemia batek hankaz gora jarri du mundua. Bai... eta ez. Izurrite horrek hainbat herrialde eta gizarte azpian hartu eta zukutu egin ditu... baina beste batzuk ez.

“Mendebaldea” deitu ohi duguna egongo litzateke txanponaren alde batean; II. Mundu Gerraraino joan behar izaten dute konparazioek antzeko anabasa aurkitzeko. Asia Ekialdea litzateke ifrentzua, orokor samarrean. Alde bakoitzean aurki daitezke salbuespenak. Tartean, mailadi oso bat dago. Bat eta bera izan da izurritea; baina haren kudeaketa (sanitarioa lehenik, ekonomikoa ondorioz; soziala, edonola ere) eta, bide batez, emaitzak aski desberdinak izan direla ezin uka.

Kudeatzaileen gakora eramaten gaitu hausnar-bide horrek. Izurrite baten agerpena, naturako beste hainbat jazoera bezala, gure ahalen gainetik dago, gaurkoz behintzat; haren kudeaketa ez, hein handi batean. Oraingo hauxe lekuko. Beraz, covid-19arekin berarekin baino arazo latzagoa daukagu guk, “mendebaldarrok”, geure eliteekin. Hori da gure kaleetan jendea zukutzen ari den urpeko ontzia.

Geuk aukeratutakoak direla elite horiek esango dit norbaitek... errua azpian zukututa geratu denak berak duela esaten ausartu gabe. Baina eliteen zatitxoa besterik ez da hautatua; eta beste horrenbeste merezimenduez kooptatua... Aldiz, zukututa geratzeko probabilitatea ere ez da aleatorioa…

Arazo latza daukagu, bai, geure eliteen urpeko ontziarekin.