Amalur ARTOLA
PRESOEN ALDEKO BERTSO SAIOA

NEGU HOTZENARI BEROA EKARRI DIO ETXERATEN BERTSO SAIOAK

AIAKO HARRI ELURTUEN MAGALEAN EGIN DA AURTENGOAN ETXERATEN BERTSO SAIOA. NEGURIK HOTZENARI BEROTIK ERANTZUNEZ, ZORTZI BERTSOLARIREN ETA 360 IKUSLEREN TAUPADAK GATIBU DITUZTENEKIN KONPASEAN ARITU DIRA BI ORDUZ OIARTZUNGO MADALENSORO PILOTALEKUAN, SARRERAK ASPALDI AGORTUTA ZITUEN SAIOAN.

Edukierak edukiera, bertsozale, antolatzaile eta teknikarien –streaming bidez jarraitu ahal izan zen saioa– artean 400 pertsona bildu zituen atzo Oiartzungo Madalensoro pilotalekuak, kartzelan gatibu dituzten presoei eta haien senide eta lagunei berotasuna eta elkartasuna adierazteko. Harrera beroa izan ohi du saioak, horren lekuko sarrerak abenduaren 20rako agortuta egotea, eta giroa ere halakoxea izan zen: gertukoa eta epela. Agurrean bertan egin zion aipamena Miren Amurizak, etorriko zenaren aurrerapen gisa: «Elurra ari du zure sorbaldan falta duzuna oroitzean/ arratsaldeon piztu dezagun su baju bat bakoitzean». Amurizarekin batera, Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Uxue Alberdi, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina izan ziren zortzikoa osatu zuten bertsolariak, Amaia Agirre gai jartzaile lanean zutela.

Irritan itotzeko eta zaurietan gatza emateko, bietarako beta eman ohi du Oiartzungo saioak. Eta hala izan zen igandekoa ere. Saioa irekitzeko, Joanes Larretxea presoak alaba jaio berria ezagutzeko izan dituen trabak izan zituzten hizpide Lujanbiok eta Colinak, eta presoen eskubide urraketak landu zituen urruñarrak Saioa Santxez presoari jazotakotik tiraka: ama izan berritan, ginekologoaren bisitarik gabe geratu zen erietxera eskuak lotuta joateari uko egin ziolako. Alabarekin joan nahi bazuen, goitik behera katez josia izan beharko zuela esan zioten. «Neure baitara bildu naiz galduz itxaropen eta fede/ Saioa nola sentitzen den entenditu nahia xede/ pertsona nola egin liteke hain ezerez eta hain xehe?/ horrek mendeku beste izenik ez baitauka, alafede!/ nahiz eta prentsan agertzen diren horrelako mila lege/ jende askori honek ez dio bihotza uzkurtzen ere», deitoratu zuen.

Enpatia gehiago izan zuten Sotok eta Alberdik euren buruari bestearen Urtezahar gaua nola zihoan galdetzen ziotenean: autismoa duen alaba du batak, gaixorik dagoen adineko aita besteak; biak aztoratu dira petardoen festa asteaz batera. «Denak bizi nahi dugu festan paregabe/ baina hainbeste egoera eta hainbeste edade/ guk ondotxo dakigu urruti joan gabe/ euforia eta zuloa oso gertu daude», itxi zuen Alberdik.

Xabier Lete gogoan

Xabier Leteren heriotzatik hamar urte bete direla eta, kantariari omenaldia ere eskaini zioten. Hark idatzitako kantuetako esaldi bana txertatu behar izan zuten euren lanean bertsolariek, pandemia egoerari ere erreferentzia egiteaz bat. Halaxe amaitu zuen Colinak berea: «Pertsona oro ez ote gaude amildegiaren ertzean/ gizonak zeinek maiteko ditu kartzelatik irtetean/ itxuraz libre gaudenok ere preso bagaude etxean?».

“Izarren hautsa” kantuarekin jolasean ibiltzea tokatu zitzaion Miren Amurizari, eta, bide batez, abestiaren doinua bere eginda, «berriz beldurrak bihurtu digu covida bizitzako gai/ baina bizitza arriskua da ta ez dugu mugatu nahi/ bizitza bada herio kausa, izango gara heriotz kausa/ gu hilko garelako, bai/ baina bizitzak hor darrai», itxi zuen bertsoa.

Lujanbiok, “Martxa baten lehen notak” egokituta, pandemia egoerak irakatsi dizkigunak izan zituen hizpide, muturreko egoerek gizakiaren alderdi argienak eta ilunenak, biak atera ditzakeela agerraraziz eta, aldi berean, krisi egoerak aldaketarako abagune ere izan daitezkeela gogora ekarriz. «Estali dira mendi tontorrak, tapatu zaigu muturra/ nagusitu da egoismoa, errezeloa, beldurra/ kontsumismo eta klima aldaketa, egurra eta egurra/ lehengora itzuli nahi dugu baina lehena ez zen ziurra/ eguzkiak urtzen du goian gailurretako elurra/ eta pertsonek desegin dugu gure pausoentzat lurra».

Lan honetan, baina, Illarregiren bertsoa izan zen txalo gehien bildu zituenetakoa: «Askorentzako izan liteke bizitza guraria/ besteentzako igual amets bat betetzeko zailegia/ azken presoa atera arte daukagu lan nabaria/ nahiz eta sarri esaten dugun ‘badator egun handia’/ irrintzi gorriz jauzika dator irabazleen zaldia/ eta herriak izan behar du zaldi horren gidaria».

Umorearen langa pasatuta, bikainak Andoni Egañak Urtezahar gaua bakarrik ospatu nahi duen agurearen larruan sartuta bota zituen aleak, baita puntuka Soto eta Lujanbiorekin batera utzi zituztenak ere. Barreak nagusitu ziren, halaber, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bertan behera geratu dela-eta Soto eta Illarregik izandako solasaldian; hizketaldi politikoki zuzenaren gainetik pentsatzen ari zirenak kantatu zituzten Colinak eta Egañak. Eta baita Alberdik, Lujanbiok, Iguaranek eta Amurizak ere, elurretara joan diren lagun kuadrilla ezin anitzagoan bilakatu zirenean.

Azkenik, saioari amaiera emateko, agurren aurretik, Oihana Iguaran baratze ekologikoa jartzera deliberatu den autonomoaren rolean sarrarazi zuen Agirrek. «Dena ekologiko, mimatu bastante/ transgenikoak fuera, zenbat aguante/ sulfatadora ere utzita aparte/ gero dena gorriak jotzen didan arte/ hamaika tomate, hogei ahuakate, sei oilo tunante, arrautzak ez bate(re)/ gero garesti dela esan didate».

Gisa horretara amaitu zen Madalensoroko saioa, urrun daudenak gogoratuz eta konpromisoak hor dirauela ziurtatuz, Illarregik aldarrikatu zuen gisara: «Heroi txiki bat izan zinena herri honetan lehenago/ zure burua sentitzen duzu oraintxe traban zeharo/ baina zu lasai egon zaitez eta ez kezkatu gehiago/ molde eta erak aldatu dira, baina borroka badago».