Asier ROBLES

MERKEALDIAK HASI DIRA, BAINA ESZEPTIZISMOA DA NAGUSI

Gabon osteko merkealdiak merkatarien egoera hobetzeko itxaropenarekin hasi dira; hala ere, aurreikuspenak ez dira oso onak. Urtero eroslez betetzen den Bilboko Alde Zaharrean barna ibili gara merkealdiko lehen egunetako giroa bertatik bertara ezagutzeko.

Zalantzarik gabe, ez da urte ona izan merkataritzarentzat, bereziki tokian tokiko merkataritzarentzat. Pandemiaren lehen hilabeteetan nahitaez dendak itxi behar izateak eta ondorengo mugimendu murrizketek eta osasun neurriek kalte handia egin diote duela urte batzuetatik krisian den sektoreari. Negozio askok pertsiana betiko jaitsi behar izan dute, eta beste askok zailtasun izugarriekin eusten diote jardunari. Sektoreari aire pixka bat eman dion Gabonetako kanpainaren ostean, merkealdiak datoz orain; etorkizunari begira bultzada bat jasotzea espero dute merkatariek, aurreikuspenak oso onak ez izan arren.

Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea eszeptiko agertu zen asteazkenean plazaratutako oharrean. Adierazi zuenez, 2020an %15 eta %20 artean jaitsi ziren salmentak eta merkealdiak sektorea suspertzen «gutxi» lagunduko du tamalez. «Salmentak progresiboak izango dira, ez dugu mugimendu askorik espero», aitortu zuen Eider Txarroalde elkarteko presidenteak.

Egoera zein den eta merkealdiaren eragina nolakoa izan daitekeen gertutik ezagutzeko, ostiralean, merkealdia hastearekin batera, urtero Gabon osteko merkealdietan jendez betetzen den Bilboko Alde Zaharrean barneratuko ginen. Sartu bezain laster, erosketa poltsak eskuan zituen jendea eta merkealdiko kartelez beteriko negozioak aurkitu genituen, baina, euririk gabeko eguraldia ere lagun izan arren, jende kopurua ez zen egun arrunt batekoa baino askoz handiagoa.

«Stocka hustea espero dugu»

Kaleetatik buelta bat eman ondoren, Gili Gili arropa dendan sartu ginen, eta bertan Manolita Bengoetxea Badiola arduradunak gure galderak erantzun zituen bere lankideak bezeroak artatzen zituen bitartean. Bengoetxeak azaldu zigunez, pandemiak iraun duen bitartean kontsumoak «behera egin du nabarmen» eta, batez ere, martxoko, apirileko eta maiatzeko nahitaezko itxierak gauzak asko zaildu dizkie. «Inbertsio guztia eginda geneukan, produktu guztiak erosita, eta hori guztia saldu ezin izanak asko eragin zigun», azaldu zuen.

Beherapenak baikortasunez ikusi arren, ez du ilusio handirik egiten «hurrengo hilabeteetan konfinamendu berriak egon daitezkeelako». Bengoetxeak azaldu zuenez, merkealdiko lehen egunetan jendea Loteria kaleko 4. zenbakian den dendara gerturatzen ari da, baina beste urte batzuetan baino gutxiago. «Behintzat daukaguna saltzea eta stocka hustea espero dugu», adierazi zuen. Bertan egon ginen hamar-hamabost minututan nahiko jende sartzen ikusi genuen.

Bigarren geldialdia arropa tradizionala saltzen duen Erribera kaleko Lavin denda ezagunean egin genuen. Bertan, Arantza Galarza saltzaileak esan zigun asko nabaritu zuela bezero kopuruaren jaitsiera. «Konfinamenduek eta udalerrien itxiera perimetralak eragin handia izan dute merkataritzan. Gainera, nire kasuan, San Tomas bezalako festarik ez direnez ospatu, ez dut ia arropa tradizionalik saldu».

Merkealdiari eta etorkizunari dagokienez, ez zen oso baikor agertu: «Merkealdia zaila izango da, argi dago ez dela beste urte batzuetakoa bezalakoa izango».

Posta kaletik pasatuta, Itziar arropa dendan sartuko ginen. Amaia Basañez saltzaileak pandemiak «erabateko eragina» izan duela esan zigun. «Pandemia baino lehen gauzak ondo ez bazeuden, orain askoz okerrago daude. Udaberriko konfinamendua izugarria izan zen: ezin izan genuen ezer saldu. Orain hobeto doa, baina, hala ere, askoz jende gutxiago sartzen zaigu eta bezeroak artatzeko nahikoa dugu bi saltzailerekin», azaldu zuen.

Hasi berri den merkealdiari begira, nahiko ezko agertu zen. «Merkealdiak ez du ezer salbatuko, agian aurreko hilabeteetan baino jende gehiago etorriko da dendara erostera, baina beste urte batzuetan baino askoz gutxiago», adierazi zuen Basañezek.

«Itxaropena izan nahi dut»

Handik irten ondoren, Artekale kaleko 27. zenbakian dagoen Bolsos Carlan dendara joan ginen. Bertan, Mari Luz Calocak esan zigun azken hilabeteetan egoera hobetzen ari dela ikusten duela: «Niretzat konfinamenduko itxiera aizkorakada bat izan zen. Konfinamendua amaitu zenean, maiatzean eta ekainean, bazirudien jendea erosketak egitera gehiago animatzen hasi zela, eta, Gabonetako kanpainan, egia esan, gauzak ondo joan zaizkit». Hala ere, onartu zuen jasotako dirulaguntzarik gabe ezin izango zuela inolaz ere iraun.

Merkealdiei begira, beste urte batzuetan baino beherapen gehiago egin dituela esan zigun Calocak. «Dena kitatu nahi dut, gero hutsetik hasteko. Gainera, ez dakit otsailean berriro konfinatuko ote gaituzten...». Hala ere, etorkizunari begira baikor agertu zen: «Itxaropena izan nahi dut eta gauzak hobera joango direla pentsatu».

Azpimarratzekoa da zapata dendetan besteetan baino mugimendu handiagoa nabari zela. Horren erakusle, ez genuen saltzaile bakar batekin ere lasai hitz egiterik izan, lanez gainezka baitziren une oro. Bestalde, izan ginen ia denda guztietan esan ziguten udalerrietako konfinamendu perimetralak eragin handia izan duela. Bezero asko Bilbo kanpokoak dira, eta, mugikortasun murrizketen ondorioz, denbora luzez ez dira Bizkaiko hiriburura joan.

Bezeroen adina da kontuan hartu beharreko beste faktore bat. Hainbat saltokik esan ziguten bezero gehienak adinekoak direla, «eta horiek dira etxetik aterata edo erosketak egiteko beldur handiena dutenak». «Asko nabaritu dugu bezero kopurua jaitsi dela adineko jendea beldur delako. Batzuetan seme-alabak etortzen dira erositakoa jasotzera», adierazi du Itziar dendako Basañezek.

Itxierek eragindako likidazioak

Alde Zaharrean barrena ibili ginenean, denda asko ikusi genituen eskaintzekin. Hala ere, guztiak ez ziren merkealdiagatik: asko denden itxierek eragindako likidazio eskaintzak ziren. Horren adibide dira Merceria el Acerio, Calzados Stilos edo Boutique Diez dendak, besteak beste. Beste negozio askok ere ateak itxi dituzte betiko dagoeneko, El Angel haurrentzako arropa denda ezagunak, esaterako.

Betiko saltoki gutxik dute online salmenta zerbitzua, eta horrek desabantailan jartzen ditu marka handien aurrean. Gainera, pandemiarekin arrakala hori handitu egin da. «Dendan dugun guztia online euskarrietara bideratzeko inbertsio handia egin behar dugu, eta, gaur egungo egoera zein den kontuan hartuta, ez gaude horrelako inbertsiorik egiteko moduan. Etorkizunean egin beharko dugu».