Aitor AGIRREZABAL

Larunbatean hasiko da EH Bilduren etorkizuneko ibilbidea marrazten

Maiatzera bitartean egingo dituen lau batzar nagusien bitartez aurrera begirako erronka estrategikoak marraztuko ditu koalizio abertzaleak. Azken batzarrean, zuzendaritza berria hautatuko du.

gara-2021-01-11-Noticia

Garikoitz Mujikak, EH Bilduko zuzendari nagusiak, eta Onintze Oleagak, udal politikako arduradunak, koalizioaren II. Kongresua aurkeztu zuten atzo. Larunbat honetan hasi eta datorren maiatzean amaituko den prozesuan, besteak beste, 2017ko kongresuan hartutako erabakietan sakondu eta zuzendaritza berria hautatuko da. 2021 honetan hamar urte beteko dira EH Bilduren sorreratik, orduko hauteskundeetarako Bildu legeztatu zutenetik. «Etorkizunera begira kokatu eta hamar urteko ibilbidearen balioa nabarmenduko dugu», azaldu zuen Mujikak. Prozesua bataiatzeko, “10 urte baino ez” leloa aukeratu dute.

Azaldu zuenez, hiru elementu nagusi garatu dituzte denbora honetan eta horiek «indartu» egin behar dira. «Subjektu politiko propioa gara, koalizio forma duena. Alderdi egitura duena eta mugimendu bokazioa», esan zuen Mujikak. Bere hitzetan, hamarkada honetan, EH Bilduk «gobernu indarra izateko indar politikoa» dela erakutsi du, «euskal errepublika sortzeko tresna politikoa». Eta koalizioak bizi duen une gozoa azpimarratu zuen: «Gure militantziari esker herri honetan alternatiba gara, baita ezker independentismoaren buru ere».

Etorkizunera begira lanean jarraitzeko hautu irmoa azaldu zuten. Lehen pausoa, aipatutako kongresua, zein lau ekitaldi organikotan banatuko den. Lehena larunbateko batzar nagusia izango da; bertan bozkatuko da kongresuaren araudia. Bigarren batzar nagusia otsailean egingo dute. Orduan, zuzendaritza politikoak militantziaren esku jarriko du orain arteko balantzea eta etorkizuneko ponentzia politikoa. Hurrengo bi hilabeteetan militantziak emendakinak egiteko aukera izango du. Azken horiek apirileko kongresuan bozkatuko dira eta maiatzean erabakiko da zein izango den EH Bilduren zuzendaritza berria. Arnaldo Otegik jada iragarri du bere burua zuzendaritzarako berriz aurkeztuko duela.

«Hurrengo hamarkada are eta garrantzitsuagoa izango da. Erronka estrukturalak izango ditugu bai herri bezala bai euskal errepublika lortu nahi duen erakunde gisa», berretsi zuen Mujikak. Helburua, aurrera begira hazten jarraitzea da. «Proiektuarekin bat egiten duten herritarrei kongresuaren garrantzia helarazi nahi diegu». Hori bai, aurrekoekin alderatuz, kongresu honek berrikuntza bat dakar. Izan ere, orain arte izena ematea nahikoa zen parte hartzeko. Orain, aldiz, beharrezkoa izango da bilkide izatea.