Aitor AGIRREZABAL
DONOSTIA

EKE-Elkar beka, Ipar Euskal Herriko sortzaileak sustatzeko

EKEk eta Elkar Fundazioak EKE-Elkar literatura-beka aurkeztu dute, «Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea» helburu.

gara-2021-01-13-Noticia

Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak literatura- beka berri bat aurkeztu zuten atzo, Donostian, Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoz. Beka berriak Gazteluma beka ordezkatuko du eta bi urtean behin antolatuko da.

Joxemari Sorsek, Elkar Fundazioko lehendakariak, eta Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, aurkeztu zuten. Sorsek akordioaren garrantzia nabarmendu zuen, «Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea» ekarriko baitu.

Euskaraz idaztera bultzatu

Etchegoinek, berriz, bekaren nondik norakoak zehaztu zituen. «Gazteluma bera du eredu. Helburua sinplea zuen, Iparraldeko idazleak euskaraz idaztera bultzatzea. Bederatzi idazlek parte hartu dute eta beren liburuak ikusi dituzte argitaratuta». Orain, aldiz, «beste bultzada bat» eman nahi izan diote. Horretarako, bi urtetik behin eginen da beka eta ez du adin mugarik izanen. Bekaren irabazleak 6.000 euroko laguntza izanen du. Lana bi lagunek elkarrekin aurkezten badute, gutxienez batek Ipar Euskal Herrikoa izan behar du.

Aurtengo deialdia komiki edo nobela grafikoari zuzenduko diote, baina hau ere bi urtean behin aldatuz joanen da. Maiatzaren 31ra arte eman daiteke izena deialdian parte hartzeko. Oinarri guztiak antolatzaileen web atarietan daude eskuragarri.