J.O.
PILOTA

Azken txapeldunak, zulotik irten nahian

Esku pilota profesionaleko egutegiak ez du atsedenik ematen eta binakako txapela elkarrekin jantzi zutenetik hilabete eskasera, txapelketa bereko sailkapenaren zulotik irteteko partida jokatuko dute, elkarren aurka, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak igande honetan Eibarren, Ladis Galarza eta Erik Jaka lagun dituztela.

Gauzak doazen abiaduran, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurkako final hark historiaurrekoa dirudi, baina bai batak eta bai besteak garaipen horren biharamunak pairatu dituztela onartu zuten atzoko material aukeraketan. «Egia da orain ez nagoela final hartan izan nuen maila berean. Oso partida gogorra izan zen, tentsio handikoa eta oso kargatuta amaitu nuen. Hurrengo asteetan asko kosta zitzaidan entrenatzea oso nekatuta nengoelako, baina ari naiz pixkanaka erritmoa berreskuratzen eta azken jardunaldian hobeto sentitu nintzen kantxan», azaldu zuen Etxeberriko atzelari gazteak.

Agenda are estuagoa izan da kaiolako bere txapela defendatzerik izan ez zuen Joseba Ezkurdiarentzat. «Asterik aste hobeto sentitzen naiz, astearteko entrenamenduan askoz hobeto sentitu nintzen, baina final hark faktura pasa zidan, gorputza hilda bezala utzi zidan», adierazi zuen arbizuarrak.

Porrot desberdinak

Egia da bi bikoteek ez dutela punturik sailkapenean, baina Jaka-Martijaren jokoak gora egin duen arren, Ezkurdia-Galarzarenak apenas izan du hobekuntzarik. Autokritiko agertu zen sakandarra eta «gure mailatik urrun» egon direla onartu zuen.