Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Idealizatzen ibili barik

Hautsak harrotu nituen familian, joan den astean idatzitakoarekin. Ez zen nire asmoa ez nebaren axolagabekeria kritikatzea ez gurasoei semea eta alaba hezteko moduagatik kargu hartzea, noski. Hala eta guztiz, nebak eta amak beren iritzia helarazi zidaten, astelehen hartan bertan, aspaldiko partez (gauzek norbera zuzenean interpelatzea bezalakorik ez dago zutik jartzeko, badakizue). Amak disgustua hartu zuen, eta galdetu zigun benetan hain desberdin hezi gintuzten, ez ote zuen asmatu berak jasotako heziketa matxista baztertzen eta gugan feminismoaren araberako bizi-ikuspegia ezartzen. Nahi gabe, tristura eragin nion nire gaztetako bizipen haren berri emanez eta, hain zuzen, artikulu hartan azpimarratu nahi nuena berretsi nuen beste behin: zer-nolako ondoeza eta larritasuna sortzen zaizkigun barruan alaboi gurasoen ongizateari dagokionez, besteak beste, nahiz eta jakin batzuetan ez dagoela beste biderik, nor bere buruari fidela izanik zintzotasunez jokatuko badu.

Bada, idealizazioa baztertuta, zintzotasunez diot baietz, apur bat desberdin hezi gintuztela bai gure gurasoek bai beste askok, ohartu gabe egin arren, haurren generoa kontuan hartu gabe denak erabateko berdintasunean heztea ez delako soilik borondate-kontua, ez lehen ez orain. Jendarte jakin batean txertatuta gaude, nahi ala ez busti egiten gaitu eta guk hura elikatzen dugu, hartu-eman horretan egin nahi ditugun aldaketak ez dira egun batetik bestera gertatzen, ez dira gauzatzen geure buruan bezain azkar, eta ezinezkoa da den-denari adi egotea. Artikulu «polemikoko» gertaera kokatuta zegoen garaia (zenbait hamarraldi atzera) eta egungoa alderatu besterik ez dago jabetzeko feminismoari dagokionez kontzientzia, hedapena, prestigioa, indarra, dibertsitatea, presentzia… beste maila batean daudela, gaudela. Horrek ez du esan nahi, jakina, emakumeok hala guk geuk geure buruari nola besteek ezarritako hainbeste konturekin amaitzeko eta dagozkigun beste hainbeste eskubideren aldeko borrokan segitzen eta segituko ez dugunik, beharko!

Izan ere, nebak gure eztabaidatxoan esan bezala, seguruenera gurasoen orduko kezka eta jarrera nire irudiko gehiegizko haren arrazoi nagusia zen neskok askoz ere arrisku handiagoa bizi dugula gauez, parranda-giroan, bereziki. Hori, horrekin loturiko alderdi eta horrek eragiten dituen beste arazo asko ez dira zipitzik aldatu, onera, behin eta berriz egiazta dezakegun moduan.