Jon GARMENDIA
Idazlea

Kolatzaileak

Montparnasse nehoiz baino lehenago iluntzen da negu honetan; egun lainotsuetan izpiei kosta egiten zaie dorre orratz bakartia zeharkatzea, baina eguzkia ageri denean ere eraikinak, bere 200 metroko garaieratik, ilun eta bakarti ikusi behar du auzoa. Taberna eta jatetxeak itxita daude, dendek nehoiz baino goizago ixten dute, eta tren geltokian ez da ikusten ohiko jende ilararik, hiri bisitatuari turistak eskastu zaizkio covid garaian, antzaldatu dira auzoak, eta hiritarrek estresaren erdian bizitzen jarraitzen dute. Beti geldituko zaigu Paris, halere, bai, bohemia ohoratu eta malenkoniari eusteko bere karriketan paseatuz. «À nos sœurs assassinées» eta «Liberté Egalité Sororité» aldarrikatzen dute pareta batzuek 14. arrondizamenduan, 12.ean «Papa, il a tué maman» (aitak hil du ama), «Elle le quitte, il la tue» (emazteak utzi du, gizonak hil du), «Féminicides: on ne veut plus compter nos mortes».

Auzo anitzetan agertzen ari dira mezuak paretei itsatsita, «Aux femmes assassinées, la patrie indifférente», hildako emakumeen aitzinean aberria ezaxola baitago. Emakumeen izen-abizenak hizki handiz kolatuak, hil dituztela oroitaraziz. «Les colleuses», 800 bat emakume talde desberdinetan antolatuak, paretak salaketaz betetzeko, desobedientziarako, ekiteko. Collage ikusgarriak egiten dituzte, eta gero eta indar handiagoa dute; Frantzia osora hedatu da ideia; badu urrunagora hedatzeko beharra, tamalez.