Surflari ernegatua

Nor miretsi

Ondoko artikuluan aipatzen den moduan, Candide Thovex eskiatzailea Belharran izan zen iaz. Hareazko dunak eta elurrik gabeko maldak jaisten dituen eskiatzaile frantsesa Urruñako olatua jaisteko asmoarekin gerturatu zen, baina munstroa gertutik ikusi zuenean parean zuen malda mugitu egiten zela ohartu zen. Izan ere, bizi dugun abiadurazko mundu paralelo horretan ez da erraza antzematen, baina egiaz bizirik dagoena egiaz mugitzen da.

Azkenaldian itzelezko itsaskiak izaten ari dira Ozeano Barean. Hawaiitik sekulako irudiak iristen dira. Munduko txapelketak egingo balira, baldintza gogoangarriak izango lirateke, baina egiazko mundua ere halakoa da, izar guztiak batzen dira Murphyren legeek gaurkotasunik ez galtzeko.

Kalifornian ere sekulako itsaskiak izan dira eta Maverickseko kapitolioan giza espezie guztietako ordezkariak bildu dira, ezagutarazteko erakusleiho bikaina baita. Olatu handietako surflarien helmuga da, baina baita beste friki askorentzako oholtza ere. Mavericksen ere izan da olatuaren malda eskiekin jaistera gerturatu denik, eta lortu du. Urtarrilaren 10ean, Chuck Pattersonek eskiatzen jaitsi zuen munstro kaliforniarra eta bira bat egiten ere ausartu zen.

Aldiz, jada ez dit zirrararik sortzen eskiatzaile bat Mavericksen ikusteak edo Jamie O’Brien hasiberrientzako taulekin Pipelinen tuboak egiten ikusteak. Aitzitik, gero eta gehiago miresten dut jende «arrunta». Eraikuntzako langileak eta kale garbitzaileak, meatzariak eta nekazariak, tabernariak eta sukaldariak, erizainak eta medikuak, prostitutak eta prostitutuak, lantegietako langileak eta langabezian direnak... Hau da, beren gorputza bai, baina beren arima saltzen ez duten herritar xumeak.