GARA
BAIGORRI

Baigorriar eta baztandarrak Izpegin mobilizatuko dira mugaren itxiera salatzeko

Izpegiko pasabidearen itxierarekin kezkaturik, erabaki horrekiko desadostasuna adierazteko, eragiten dituen arazoak salatzeko eta Euskal Herriko barne mugak irekitzea galdegiteko mobilizazio bat deitu du Izpegin larunbatean Baigorriko eta Baztango herritar talde batek.

“Herri bat gira, mugarik ez. Indar okupatzaileak kanporat!” lelopean elkarretaratzea eginen dute datorren larunbatean Izpegiko lepoan. 15.00etan emana da hitzordua eta Baigorriko zein Baztango herritar multzo batek antolatu du.

Pasa den larunbatean Nafarroa Behereko herrian berrogei bat biztanle elkartu ziren pasabidearen itxierarekin eta militar nahiz polizien presentziarekin arranguraturik. Egun berean beste hainbat mobilizazio egin zituzten bai Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian bai Saran ere. EH Baik eta EH Bilduk deiturik 200 bat lagunek salatu zuten mugen itxieraren bidez «estatuek inposatu nahi duten eredu uniformizatzailea».

Poliziaren presentzia itogarria

Iragan urtarrilaren 14an zortzi pasabide txiki ixteko Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hartutako erabakia, «berriz ere, herritarrak abisatu gabe, gutariko anitzen bizitza soziala, familiarra eta profesionala egun batetik bestera azkarki kolpatuz» hartu dutela deitoratu du prentsa agiri baten bidez Izpegin mobilizatzera dei egin duen herritar taldeak. Era berean, gobernu espainolak eta frantsesak euskal herritarren bizitza eta egunerokoa ez dutela kontuan hartzen nabarmendu dute mobilizazioaren deitzaileek. Polizia eta militarren presentziari buruz, aipaturiko taldeak oroitarazi du iazko udaberriko konfinamenduan handia izan zela jada Baigorri aldean, «militarren aireko entrenamendu eremu bilakarazi» baitzuten eskualdea. Oraingo honetan jendarme gehiago daudela salatu dute, eta duela hilabete bat herrian bertan 60 bat militar instalatu direla ezagutarazi dute.

Egoera horrekin eta Izpegiko pasabidearen itxierarekin kezkaturik, erabaki horiekiko desadostasuna adierazi eta mugak irekitzea galdegiteko deialdia egin du Baigorri eta Baztango herritarren taldeak.

Azken egunetan emendatzen ari dira frantziar Estatuak harturiko erabakien kontrako ahotsak. Joan zen larunbatean eginiko mobilizazioekin batera, hainbat auzapezek eta Euskal Elkargoko ordezkari den Joseba Erremundegik mugaz gaindiko langileei zein herritarrei irtenbideak eskaintzea eskatu dute. «Muga erabat hertsi ordez ahal lukete, esaterako, baimen berezia eman benetako premia duten pertsona horiek eguneroko joan-jinak egin ahal ditzaten, lasaiki», adierazi zion Erremundegik GARAri. Aferari konponbide emateko, «malgutasunez» jokatzea eskatu zuen hautetsi baionarrak, zortzi pasabideren itxierak «jende kopuru txiki bati arazo anitz» sortzen dizkiolako.

Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdeko txandakako presidente den Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, berriz, asmoa azaldu zuen asteartean Jean Castex lehen ministroari eta Pedro Sanchez presidenteari mugen itxierak inguruko herrietan bizi direnei sortzen dizkien eraginei buruz ohartarazteko eskutitz bana igortzeko.