GARA
DONOSTIA

Martxoaren 28an ekitaldiak antolatuko ditu AEK-k Korrika gogoan hartuta

Egunotan 55 urte bete dira Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen babesarekin, gerora AEK bilakatuko zen egitasmoa abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiko kideei. Horrela, helduen alfabetatze eta euskalduntzearen premia azaldu zen lehendabizikoz. Prentsara igorritako ohar batean aurreratu duenez, AEKren sorrera ahalbidetu zuen urteurren hori gogora ekarri asmo du koordinakundeak oraindik zehaztu ez duen ekimen baten bidez.

Egitasmo horren bidez berretsi nahi du, AEKren hitzetan, «55 urte geroago, egun ere helduen euskalduntze eta alfabetatzeak berebiziko garrantzia duela, inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu».

Osasun egoera dela eta Korrika aurten ezin izango denez egin, honek amaitu behar zuen egunean, martxoaren 28an, ekimen deszentralizatu bat bultzatuko du AEK-k. Euskal Herriko «hainbat tokitan» elkartzeko asmoa dutela adierazi dute oharrean, «helduen euskalduntzea eta alfabetatzeari merezi duen garrantzia emateko».

Aurrerago jakinaraziko dute zeintzuk izango diren egitasmoaren nondik norako zehatzak. Hori bai, bien bitartean, euskaltzale guztiei martxoaren 28a agendetan ondo gordetzeko deia egin diete.