Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

La Habanako gameluak gomutan

Gora eta gora beti, pandemiak baleki, txertoak bizi ditu hainbat buruzagi»... Ez ditut guztiz gaurkotu kantaren hitzak, saiakera «garapen kontzeptualean» dudalako. Bada bai, pandemian ere normaltasun berriko lege zaharrak. La Habana izan dut egunotan gomutan, ondo ezagutzen dut eta; bidaiari modura ezagutu ere, ez agentziako turista gisa! Turistek ez dute garraio publikoa erabiltzen. Total, «gamelu» esaten zieten, garai batean sikiera, hiriko zerbitzuko autobus handi-luzeei, formagatik edo. Harira, Murgoitio, ostia! Ha-ri-ra, demonio! A! Bai! Barkatu! Bada horixe, ilara luzeak izaten ziren gameluen geltokietan, Kubako ordu-neurria ez baita Suitzakoa; autobusak ere ez! Puntualtasuna ez da Karibeko bizimoduaren parte, atzerapenetan ere ez. Bada hori, gamelua heltzean beti izaten zen baten bat, jendetzaren erditik ukondoka bidezidorra eginez, ilarari muzin egin eta atoan eta maltzurkeriaz ate aurrean paratzen zena, autobus hura Osakidetzako unitate mugikorra izan eta barruan txerto mugatuak banatzen egongo bailiran. Baina hara politena! Gutxietsitako lagun haien hitz-jarioa! «Comemierda, comebolas, comepingas...» Huraxe bai soinu entzungarria, huraxe doinu koral gozagarria! Sekula, santa izanda ere, ez nuen lortzerik izan abesbatza haren kaseterik. Bada hori, ez dakit zergatik baina musika zerutar haren berbak gomutan egunotan...

Gaiaz 360 gradu aldatuta, zer diozu Bilbo aldeko ospitale horietako zuzendarienaz? Ama, ama! Ez ote da posible zuztarbako bat txertagabetzea? Badakit kasualitatea izan daitekeela, ni hain inozoa izanda, baina botilan badago, zuria bada eta esperma ez bada... orduan konfiantza-karguen agerraldi berria izan behar! Ene, ene! Jelkideen garai bateko birus zaharraren aldaera hedatuz joan da han-hemen... horren intzidentzia metatua alderdia eremu gorrian utzi arte. Kolpea gero! Gorria!