GARA
BILBO

Haurreskolak partzuergoan aurtengo lehenengo greba eguna egin dute

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak partzuergoan deitutako grebak %65eko jarraipena izan zuen atzo, antolatzaileek esan dutenez. 2021eko hasierarako aurreikusitako bost greba egunetako lehendabizikoa da, Lakuarekin akordiorik lortu ezean.

Haurreskolak partzuergoko langileek LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituriko bost greba egunetako lehenarekin bat egin zuten atzo. Antolatzaileen arabera, greba horrek «jarraipen handia» izan zuen; zehazki, %65ekoa. Aurten egindako aurreneko greba da, 2020an egindakoen ondoren.

«EAEko Hezkuntza Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek eta Haurreskolak partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi», nabarmendu zuten langileen ordezkariek.

Langileak Gasteizen, Bilbon eta Donostian bildu ziren Lakuarekiko akordioa aldarrikatzeko. Akordiorik ezean, beste lau greba egun egingo dituzte: bihar eta otsailaren 22, 23 eta 24an. Hala, asteazken honetan, hilak 27, 11.30ean protesta egingo dute EAEko Gobernuak Lakuan duen egoitzako atarian.

Sindikatuen eskaeren artean daude «Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea», «dauden akordioak errespetatzea eta betetzea», «lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea», «langileen behin-behinekotasun tasa desagerraraztea, lanpostuak egonkortuz» edo «aurrekontua handitzea».

Gainera, sindikatuek esker ona adierazi zieten langile, familia eta udalei mobilizazioetan parte hartzeagatik eta «oztopo guztien gainetik» babesa adierazteagatik.

Horrez gain, gogorarazi zuten «0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain», jaiotzetiko hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dutela eta, horregatik, Haurreskolak partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dutela LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Zaintza sektorean, gaur

Bestalde, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESKek greba deitua dute gaurko EAEko sektore soziokomunitarioan, zaintza zerbitzu guztiak barne, esku hartze sozialaz gain, publiko zein pribatuak. Nafarroan, ELAk bakarrik deitu du lanuztea egitera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, greba sindikatu bakoitzak erregistratu zuen, eta ez modu bateratuan. Hiru hiriburuetan, “Zerbitzu eta gizarte zerbitzu publikoak indartu” lelopean, ibilbide berean zehar zutabe ezberdinak osatuko dituzte sindikatuek. Deialdiak honako zerbitzu hauei eragiten die: egoitzei, eguneko zentroei eta etxebizitza komunitarioei; etxez etxeko laguntzari; esku-hartze sozialeko zerbitzuei; dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta emateko zentro eta zerbitzuei; telelaguntza-zerbitzuei; eta etxeko zaintzaileei.