GARA
DONOSTIA

«Seeing Auschwitz», iruditeria kolektiboa berrikusteko gonbita

Auschwitz gizadiaren historian ezagutzen den sarraski esparru handiena izan zen. Eta, hala ere, Holokaustoaren sinbolo unibertsal horri buruz dugun irudi kolektiboa, bertan ateratako argazki gutxi batzuetatik sortu da. Argazki horiek, gehienetan, SSek beraiek ateratakoak dira. Auschwitzen egindako krimenen froga argiak izan arren, «betaurreko» nazien bitartez ikusi ditugu. Irudion analisi kritikoa egitera gonbidatzen gaitu Koldo Mitxelena Kulturguneak.

“Seeing Auschwitz” erakusketak gaur zabalduko ditu ateak Koldo Mitxelena Kulturgunean. Gaurko egunez, duela 76 urte, sobietar soldaduek Auschwitz-Birkenauko nazien kontzentrazio eta desagertze eremua askatu zuten. Hura gogoan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ofizialki aldarrikatu zuen urtarrilaren 27a Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna.

Erakusketa Musealia enpresa donostiarrak sortu du, Poloniako Auschwitz-Birkenauko Estatu Museoarekin lankidetzan eta Nazio Batuekin eta Unescorekin elkartuta. Luis Ferreiro, Musealiako eta erakusketako zuzendariak honakoa adierazi zuen atzo egindako aurkezpenean: «Memoria, banakakoa zein kolektiboa, irudien bidez eraiki ohi da neurri handi batean. ‘Seeing Auschwitz’ erakusketa toki horren historia irudikari kolektiboan txertatzeko iturriak kritikoki aztertzeko gonbita da. Donostiarrak garen aldetik, berebiziko garrantzia du Koldo Mitxelenan proiektu hau erakusteak. Erakusketa oro bisitariarekin hitz egitea da, eta etxean, gure herrikideekin, egitea munduko beste edozein lekutan egitea baino bereziagoa da».

Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuaren esanetan, «erakusketak Europako historia hurbilean dagoen izua gogorarazten digu, eta totalitarismoaren aurrean erne egon behar dugula. Desmemoria ere arma bilaka daiteke».

Auschwitz gizadiaren historian ezagutzen den sarraski esparru handiena izan zen. Eta, hala ere, Holokaustoaren sinbolo unibertsal horri buruz dugun irudi kolektiboa, gaur egun arte iraun duten bertan ateratako argazki gutxi batzuetatik sortu da.

Erretratu eta eszena horiek, gehienetan Schutzstaffel (SS) Alemaniako alderdi naziaren talde paramilitarreko kideek ateratakoak, Auschwitzen egindako krimenen froga argiak dira. «Hala ere, aldi berean, desafio handia dakarkiote ikusleari; izan ere, horretaz jabetu ez arren, argazkilariaren ikuspegitik behatzen du historia, ‘betaurreko’ nazien bitartez», nabarmendu zuten antolatzaileek.

“Seeing Auschwitz” erakusketak irudion analisi kritikoa egitera gonbidatzen gaitu, «argazki bakoitzak benetan zer erakusten duen aztertzeko: ez soilik tokiari eta uneari buruz, baizik eta egileei, erretratuko pertsonei eta guri buruz, ikusle gisa, ere».

Erakusketak naziek isildu nahi izan zuten munduari begietara begiratzeko gonbidapena egiten dio bisitariari. Hain ezagunak ez diren irudiak ere ezagutuko ditugu bertan. Horrez gain, bizirik atera direnen lekukotzak, presoen eta borreroen marrazkiak eta erretratuak jasotzen dituen bideo bat ere ikusiko du bisitariak. Gipuzkoako lurraldearekiko lotura ere ikus daiteke, deportatuetako batek zelaira Realaren intsignia eraman baitzuen soinean.

Holokaustoak 6.000.000 pertsona baino gehiago hil zituen. Horietatik, gutxienez 1.100.000 Auschwitzen erail zituzten, gehienak juduak. Alemania naziak 1940tik 1945era izandako heriotza fabrika handiena izan zen.

Hainbat ekitaldi iragarri dira, zinema zikloa tartean, erakusketarekin batera. Programa aurrerago aurkeztuko dute, mahai inguru eta hitzaldiak barne.

Uztailaren 3ra arte dago irekita erakusketa, asteartetik larunbatera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita. Ostegunero 17.00etan bisita gidatuko zerbitzua dago, aldez aurretik erreserba eginda (info@ komazk.com helbidean edo 678 20 46 35 telefonoan).