A. G.
BINAKAKO TXAPELKETA

Eskuetako arazoak gaindituta, Martija Txapelketara itzuliko da igandean

Jaka, Erostarbe eta Irribarria alboan zituela, eskuak nola zituen ikusteko saioa egin zuen atzo Julen Martijak Idiazabalgo Igarondo frontoian, eta Etxeberriko atzelariak igandean Bilboko Bizkaia frontoian jokatzea erabaki zuen, Erik Jaka buruz buruko txapeldunaren bizkartzain, Olaizola II.a eta Rezustaren aurka, Binakako Txapelketaren bosgarren jardunaldiko neurketan.

Tolosan behar zuen atzelari nafarraren saioak, baina hezetasunaren erruz Idiazabal aldera joan behar izan zuten lau pilotariek. Hala, azken erabakia apur bat atzeratu zen. Hala ere, bezperako pilota aukeraketan egon ostean, entrenamendua balekotzat jo zuen Martijak, eta jokatzeko moduan izango da, joan den asteburuan kale egin ostean. Hirugarren jardunaldiko partida, Ezkurdia eta Galarzaren aurka, eskuko minez amaitu zuen Etxeberrikoak. Ondorioz, Zumaian jokatutako Urrutikoetxearen eta Imazen aurkako dema jokatu ezinik geratu zen.

Aukeraketak bertan behera

Bestalde, asteazkenean Mallabiko pilota aukeraketa bertan behera geratu bazen hezetasuna zela medio, atzo ere beste horrenbeste gertatu zen Amezketako frontoian.

Astelehenean jokatu behar dute Urrutikoetxeak eta Imazek Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka. Atzokoa atzelari biak berriro elkarrekin ikusteko aurreneko aukera zen hasiera batean, eta horrek, nahitaez, nolabaiteko morboa piztu zuen. Jakina da Imazek atzelari nafarrari salaketa jarri ziola artean biak Baikon zirela, enpresako zuzendaritzari pilotarien arteko bileretan adosturikoa filtratzen zuela leporatu baitzion hedabideen aurrean Mariezkurrenak atzelari gipuzkoarrari.

Morboak morbo eta hezetasunak hezetasun, pilota enpresek jardunaldiko partidak jokatu egingo direla bermatu zuten; hezetasunaren aurka «neurriak» hartuko dituztela esan zuten behintzat.

Bestalde, hainbesteko arazo gabe, Iruñeko Labriten pilota aukeraketa egiteko moduan izan ziren Elezkano II.a eta Zabaleta zein Peña II.a eta Albisu. Aspeko bikoteak 105,4, 104,8 eta 105,7 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta, Baikokoak, 104,6, 105,6 eta 104,2 gramokoak.