Jon ORMAZABAL
PILOTA

Haizea alde eta gupidarik gabe

Normalean baino tako gehiagorekin eta freskoago aritu zen Rezusta baten aurka, Martijak aukerako pilota asko utzi zizkion Aimarri.

JAKA-MARTIJA 2

OLAIZOLA-REZUSTA 22


Txapelketa batean oso gutxitan ematen den jipoi horietako bat jaso zuten Erik Jakak eta Julen Martijak, Buruz Buruko eta Binakako egungo txapeldunek, aurreko asteko arantza kendu zuten Aimar Olaizola eta Beñat Rezustaren eskutik. 2003. urteko Binakakoan Asier Olaizolak eta Patxi Ruizek Iruñeko Labriten Mikel Goñi eta Elkorori 22-2 irabazi zietenetik ez zen Bilboko Bizkaia pilotalekuan izan zen bezalako emaitzarik. Sarri esan ohi da zenbakiek ez dutela beti dena adierazten, baina atzoko markagailuak ez du eztabaida askorako betarik uzten.

Halakoetan esan ohi den bezala, batzuk bikain aritu ziren bitartean, besteak euren mailatik oso urrun egon ziren. Lau urtetan suspenditutako lehen partidaren ostean, Julen Martijak ez omen zuen minik sentitu eskuin eskuan, baina normalean baino tako gehiagorekin, ez zuen pilotakada bakarra gozatu, Aimarri aukerako pilota asko utzi zizkion eta honek ez zuen barkatu. Rezustak ere aurreko asteetan baino freskoagoa zirudien, baina ezin da ahaztu arerioak ez zuela batere estutu. Aurreko asteko jipoia ahaztuta, konfiantzaz ekin zion partidari bergararrak, lehenengo tantoa dejadaz lortuz. Baina beste bat da Rezustaren eginkizuna, atzean agintzea da bere dohain nagusia eta aurrekoetan ez bezala, fresko eta eraginkor aritu zen. Hiru pilota ere jarri zituen errebote inguruan, lau eta erditik errebote garbi bat ere jo zuen, eta hori Miribillakoa bezalako pilotaleku luze batean bada zerbaiten seinale.

Oso luze jota, zazpiaren marra bikain bilatuz, sakearekin ere min handia egin zion Aimarrek eta sake-errematean ere tanto piloa lortu zituen. Pentsa, aurreko astean airez tantorik egiteko modurik izan ez bazuen, atzo bederatzi lortu zituen ezker gantxoarekin.

Erik Jaka saiatu zen airez eta boleaz tantoak nahasten, baina, oso behartuta eta salduta, ezer gutxi egiterik izan zuen.