Jon ORMAZABAL
PILOTA

Materialaren iraunkortasunari buruzko kezka agertu dute pilotariek

Binakako Txapelketako lehen fasearen erdira heltzeko bi partida baino ez zaizkio gelditzen lehiaketari eta, bikote bakoitzaren emaitzak gorabehera, bada ia pilotari guztiak kezkatzen dituen detaile bat; material aukeraketetan pilotek egokiak diruditen arren, partiden egunean azkar, azkarregi aukeran, gastatzen dira. Atzoko Eibarko eta Azkoitiko aukeraketetan parte hartu zuten pilotari gehienak bat etorri ziren euren kezka plazaratzeko orduan.

«Pilotariak orokorrean horrekin harritu eta kezkatu xamar gabiltza. Izan ere, 700-800 pilotakada jotzen badituzu, normala da pilotak gastatzea, baina lehengoan Tolosakoa ez zen partida luzea izan eta dezente geratu ziren pilotak», azaldu zuen Jokin Altunak. «Ez da intendenteen edo hautatzailearen arazoa, pilota biziago edo motelagoak daude, baina denak asko geratzen dira eta ez 700 edo 800 pilotakadetako partidetan bakarrik, motzagoetan ere bai», adierazi zuen amezketarrak, arazoa pilota egilearen bizkar gainean utziz nolabait.

Peñak biziagoak nahi

Aukeraketa egunean orokorrean ez da kexu gehiegirik entzuten, nahiz eta atzokoan Astelenan Jon Ander Peñak pilota onak aurkitu zituztela adierazi arren, «biziagoren bat» nahi zutela onartu zuen. Hori bai, tolosarrak bat egin zuen igandean bere aurkaria izango den Altunaren ikuspegiarekin. «Gertatzen ari dan gauza bat da, pilotak geratu egiten dira eta, normalean, 12. edo 13. tantorako denak erabilita ditugu eta denak gastatuta daude», azaldu zuen.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan Joseba Ezkurdia ere mintzatu zen gaiaren inguruan. Bere joko moldeagatik, erritmoa aurretik aldatzen hasi beharra dauka arbizuarrak irabazteko aukerak izateko, eta, hortaz, bera da gai honek gehien baldintzatzen duenetariko bat. Ez zuen bere kezka ezkutatu: «Bilo moduko bat bezala egiten zaie eta nik uste egoera horri buelta eman behar zaiola, egoera horri konponbide bat eman behar zaio. Ez dakit larrua edo materiala aldatu den, baina zerbait bada, pilotek askoz gutxiago irauten dute eta ea arazo hori konpontzen den».