Maddi TXINTXURRETA
EIBAR

Zaldibarko «desastrea» argitu dadila eskatu dute herritarrek

Eskualdekide ez diren arren, Zaldibarko Verter Recycling zabortegiarekiko gertutasun geografikoak eta han gertatutako luiziak eragindako krisi sozial eta ingurumenekoak jositako gertutasun politikoak batu zituen atzo, azken urtean beste hainbatetan bezala, Zaldibar, Zalla, Etxebarria, Elgeta, Markina-Xemein, Ermua eta Eibarko herriak.

Zaldibarko luizia gertatu zenetik urtebetera hartu zituzten plazak larunbat arratsaldean Eibarren, Zaldibar Argitu plataformak deituta. 17.00etan ehunka herrikide elkartu zen Untzaga plazan, Debabarreneko udalerria zeharkatu zuen manifestazioa abiatzeko.

“Urtebete Zaldibar Argituz. Ez dugu ahazten” lema zeraman pankartaren atzetik eman zioten itzulia herriari manifestariek. Urteurrenak «desastre izugarri» bat oroitarazi zuen, mobilizazioaren ostean Zaldibar Argituko Jokin Bergara bozeramaileak nabarmendu zuen moduan. Desastre bat, zentzu guztietan: «Desastre sozial eta humanoa bi langile etxera itzuli ez zirelako, desastre ekologikoa amiantoz nahastutako zaborrezko mendi bat erori zelako, gure lur, ur eta aireak kutsatuz; eta desastre politikoa, kontrol falta, isiltasun konplizeak, laguntxoen arteko negozioak, gardentasun falta nabariak izan direlako».

Ondo ekarritako euria urteurren tristearen mobilizaziora doitu zen. Duela ia urtebete, Eitzagako zabortegian luizia gertatu ostean, zaborraren azpian geratu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak aurkitzeko lanak martxan zirela, euriak beste luizi bat eragiteko mehatxua egiten zuen. Eibarren arnasten zuten aireak dioxina eta furano maila altuak zituen, haurrak ez ziren patiora irteten, leihoak itxi eta etxeak ez egurasteko gomendioa jaso zuten herritarrek, eta maskarak janzten hasi ziren, koronabirusaren pandemiak ohiko bihurtu baino pixka bat lehenago. Sute bat, bi, amiantoa, eta oraindik amaitu ez den gertaeren segida luze bat, oraindik erantzun gabe dauden galderen zerrenda bezainbestekoa, zalantza orokortu baten gerizpean: saihestu zitekeen?

Erantzukizun eske

Atzo arratsaldean Eibarren arnastu zen giroa ez zen askoz garbiagoa izan, 2020ko otsailaren 6 hartatik ezbeharraren erantzukizun politikoek airean segitzen dutelako eta Joaquin Beltran langilearen gorpuak, lurpean. «Jaurlaritza errudun!» oihu egin zuten, baita, beste behin, Iñaki Arriola eibartarraren dimisioa eskatu ere; luizia gertatutakoan Ingurumen sailburua zena eta egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua dena.

Halaber, Beltran eta Sololuzeren kartel bana jarri zuten Untzagako plazan.

«Urte gogorra bizi izan dugu; intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da, baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu», agertu zuen plataformako bozeramaileak.

«Herri-indar» horrek bultzatu du plataforma Durangoko epaiketa irekian akusazio partikular modura parte hartzea, Bergarak zehaztu zuenez. «Herritarren ahotsa izan eta interes publiko-sozialak babesteko, boterekeriaren aurrean herritarren indarra erakusteko, boteretsuen inpunitatearekin amaitzeko, egia jakiteko, bizitzak erdigunean jartzeko, erantzukizunak hartzeko» borroka egingo dute, ziurtatu dutenez, Durangoko epaitegian.