Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bi puntu zentimetro bakarrean

21-15 galtzen joan eta 21-21 berdindu ostean, Peñaren erremate on batek txapa jo zuen Altuna-Mariezkurrenaren pozerako.

ALTUNA-MARIEZKU. 22

PEñA-ALBISU 21


Zentimetro bakarrak bi puntuko aldea sortu du sailkapenean, atzo Eibarren elkarren aurka aritu ziren Altuna-Mariezkurrena eta Peña-Albisuren artean. Horixe falta izan zitzaion tolosarrak bigarren koadrotik botatako dejadari frontisa jo eta erabat engainatuta zuen amezketarra gainditzeko, baina txapa jo zuen. Beste amaiera estu batean, aurreko astean Peñak zabalera irekitako pilota batek Elezkano eta Zabaletaren aurka garaipena eman zien; Katedralean, ordea, ondo botatako beste erremate horrek ezinezkoa zirudien partidari buelta ematea eragotzi zien gipuzkoarrei, oso partida arraroan.

Izan ere, azken txanpako emozioak partidari bizia eman bazion ere, lehia ez zen erabat betea izan, akats gehiegi, batez ere atzelariek eginak, izan zituelako. Bi jotzaile handi, Albisu eta Mariezkurrena, batu ziren atzeko koadroetan, aurrelariek ez zuten jokoan sartzeko aukera handirik izan, eta ziur Berriozarreko atzelaria izan zela Peñaren pilotakadaren txapa hotsak gehien lasaitu zuena. Izan ere, orain arte ez bezala, une batzuetan larri ibili zen Jon Mariezkurrena, Albisuk pilota ezkerparetan ezkutatu zionean bere ahuleziak agerian jarri zizkiolako. Azkenerako 10 pilota eta sake bat bota zituen nafarrak –9 izan ziren Albisuk galduak– baina hala ere, partida aurrera ateratzeko gai izan ziren.

Altuna, fresko

Hein handi batean, bere bikotea oso fresko ari den Jokin Altuna delako. Jokoan sartzeko nahi baino aukera gutxiago izan bazituen ere, sartu zen bakoitzean partidaren erritmoa aldatzeko gaitasuna erakutsi zuen, gantxoarekin asmatuz edo botez zein sotamanoz zuloak irekiz.

Partida kontrolpean zutela zirudien 8-2, 16-7 eta 21-15 aurreratu zirenean, baina Mariezkurrenaren dudak usaindu eta partida 21-21 berdintzea lortu zuten Peña-Albisuk, baina txapak saririk gabe utzi zituen.