Asier AIESTARAN
Elkarrizketa
IOSU ESNAOLA
ORIO ARRAUNKETA ELKARTEKO PRESIDENTEA

«Orialkiren babesak ziurtasuna ematen digu lanean jarraitzeko»

Iosu Esnaola (Orio, 1986) futbolari ohiak 2019ko irailean hartu zuen Orio Arraunketa Elkarteko presidente kargua. Gogotsu eta ilusio handiz ekin zion lanari, baina pandemiak asko zaildu ditu martxan jarri beharreko proiektuak. Babesle nagusia lotzea ere ez da lan samurra izan, baina Orialki enpresa gipuzkoarrarekin bost urterako sinatutako akordioak egonkortasuna ziurtatuko du.

Egun berezia eta garrantzitsua izan zen atzokoa Esnaolarentzat. Babesle nagusia lotzeak lasaitasuna eman dio zuzendaritzari bere proiektua garatzen jarraitzeko.

Babeslea aurkeztea benetan pozgarria izango da…

Bai, eta gauden egoeran egonik are gehiago. Gu sartu ginenetik, azken urte eta erdi honetan, ateak jo eta jo ibili gara, baina ez da erraza izaten. Orialkirekin iaz ere kontaktatu genuen, beti eduki dugu feeling ona, eta aurten iruditu zaie une egokia dela pausoa emateko. Gu ere oso pozik gaude, bion baloreak bide beretik doazelako. Oso jende jatorra aurkitu dugu, arraun eskolari balio handia eman nahi diote, euskarari, bertako jendeari… eta horrela guretzat ere askoz errazagoa izan da bideak elkartzea. Eta nabarmentzekoa da bost urteko akordioa dela, ez dela bat edo bikoa. Horrek ziurtasuna ematen digu gure proiektua aurrera eramateko.

Zurrumurruak entzuten ziren, baina akordioa sinatzeak jada beste lasaitasun bat emango du.

Batera eta bestera ibili gara, baina ez da erraza izaten. Erabaki zailak izaten dira eta hilabeteak pasatzen dira baiezko bat edo ezezko bat jasotzeko. Baina, zorionez, Orialkirekin gauzak nahiko bizkor joan dira eta guretzat lasaitu handia izan da. Pasa dugun urte eta erdi hau ez diot opa inori.

Presidente jardunean hau izan da zure lorpen nagusia?

Izan liteke. Kanpora begira bai, zalantzarik gabe. Barrura begira baditugu hainbat proiektu martxan eta ustez ongi bideratuta daudenak, baina beti zegoen zalantza babesle nagusi bat ez izateak sortzen zuena, ea zenbateraino busti gintezkeen ekonomikoki kontuak arriskuan jarri gabe. Uste dut lantalde aparta daukagula, bakoitzak berean lan bikaina egiten duela, baina astelehenetako bileran bildutakoan beti geneukan kezka hori. Eta hori ez da eramaten erraza izaten. Azkenean familiak nabaritu egiten du, zure kezkak etxera eramaten dituzu, eta alde horretatik ez da urte erraza izan, ez guretzat, ezta arraunlari nahiz entrenatzaileentzat ere. Hori da mina ematen dizuna, baina sartu ginenean bagenekien egoera ez zela erraza; covidarekin, are zailagoa.

Proiektu horretan argi duzue oinarria eta zutabe nagusia harrobia dela, hori dela bidea.

Zalantzarik gabe. Gure geroa eta gure etorkizuna hortik etorriko da. Horrela izan da orain arte eta horrela izaten jarraitu behar du, inoiz baino gehiago. Hasi alebinetatik eta jubeniletaraino arraunlari pila bat dauzkagu, ehundik gora. Jendea goraka dator, arrauna ere goraka dator, eta ikusten duguna da lehen arraunean probatzeko beldurrez ibiltzen ziren gazte asko orain guregana etortzen direla. Hori aprobetxatu beharra daukagu, eta horretarako jarri ditugu zortzi entrenatzaile beheko mailetan, inoiz baino gehiago, uste dugulako garrantzia eman behar zaiola horri, zaindu egin behar ditugula gure gazteak. Eta, gainera, goian Jon Salsamendi, Anjel Larrañaga eta Xanti Zabaleta bezalako hiru entrenatzaile ditugulako, harrobiarekin sekulako lana egiten dutenak eta gainera gai direnak talde lehiakorrak egiteko.

Beheko mailetan zer punturaino eragin du covidak?

Eskola kirolean bezalatsu. Alebin, infantil eta kadeteak geldi egon dira. Etxean egin dituzte agindutako ariketak eta abar, baina adin horretan arraunlariak behar duena da uretan orduak sartu eta, zoritxarrez, aurten ez da posible izan. Aurten aukera handia geneukan adin horietan lan bikaina egiteko, jende pila bat geneukalako eta ongi bideratuz gero etorkizunerako sekulako aukera suposatzen zuelako. Espero dugu datozen asteetan gauzak hobera egitea eta jendeak arraunera etortzen jarraitzea beste kiroletara alde egin gabe, maila horietan gaur ongi egindako lanak hemendik hamar urtera sekulako fruituak emango dituelako.

Senior mailan entrenamenduak normal antzean joan dira?

Normal samar esango dugu, bai. Gabonak arte batez ere lehorreko lana egiten da, ezkutuan esango dugu, eta abendu inguruan hasten dira uretara irteten. Hor pare bat aste egon ziren ontziak uretara irten gabe, baina uste dugu orokorrean neguko lana nahiko ongi joan dela. Orain arte testak ezin izan ditugu egin, jaitsierak atzeratu egin ziren, baina hemendik zortzi egunera lehen testa izango dugu (Hondarribikoa) eta ilusioz gaude arraunaz gozatzeko.

Antolakuntza aldetik, lehen test hauetan segurtasun neurriak iazko berberak izango dira?

Neguko hauetan ziur baietz. Gero uda iristen denean ikusi egin beharko da egoera zein den txapelketei begira edota TKE Ligari begira. Baina oraingoz nahiko argi daukagu bidea hau dela, egoera ez baita suak botatzeko modukoa. Kontu handiz ibili behar dugu, denon osasunarekin jokatzen ari garelako. Baina era berean uste dugu arraunlariak uretan izanda ez diogula inori kalterik egiten; kontrakoa, zaleei poza ematen diegula, nahiz eta jendeari eskatu behar diogun estropadetara ez etortzeko.