Asier AIESTARAN
PILOTA

Gauzak ez dira aldatu zazpi astean

Lehen jardunaldian gertatu bezalaxe, Elezkanok eta Zabaletak nagusitasun osoz menderatu dituzte Ezkurdia eta Galartza.

EZKURDIA-GALARTZA 8

ELEZKANO-ZABALETA 22


Lehen itzuliko neurketan Irunen gertatu bezalaxe, Elezkano II.ak eta Zabaletak oso erraz menderatu zituzten Ezkurdia eta Ladis Galartza atzo Eibarren jokatu zen Binakako Txapelketako partida benetan tristean. Aurrekoan gorriek 3-22 galdu bazuten, atzo 8-22koa izan zen azken emaitza, baina batzuen nagusitasuna eta besteen ezina oso antzekoak izan ziren.

Urdinei dena ongi atera zitzaien, egia da. Une gozoan daude Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta, eta batez ere atzelaria da diferentziak markatzen dituena. Atzo jo bakarrik ez, aurrean ere tantoak amaitzen oso eroso ikusi genuen: harrigarria izan zen 1-7koan txokotik zabalera bota zuen dejada, baina txokoan moztuta ere beste pare bat sartu zizkion Joseba Ezkurdiari konfiantzaz lepo egoteak ematen duen lotsagabetasunarekin.

«Pozik nabil azkenaldian. Etxanizekin egindako entrenamenduak pozik amaitzen ditut eta arlo fisikoan ere taldean oso lan ona egiten ari garela uste dut», onartu zuen Etxarrengo atzelariak neurketa amaieran.

Eta Elezkano ere oso fin ibili zen. Aurrean izan zituen aukera ia denak baliatu zituen tantoa amaitzeko, zehaztasun ikusgarriz. Zaratamoko aurrelariak zortzi tanto egin zituen jokoan, beste bi sakez, eta galdu zuen lehen pilota 6-19an txapara joan zitzaion horma-biko bat izan zen –geroxeago beste batek alde egin zion 8-21ekoan–.

Gorriei, aldiz, ez zitzaien ezer ongi irten, eta erabat lur jota amaitu zuten. Neurketa Ezkurdiak zabalean kanpora bidalitako pilota batekin hasi zuten, eta ondoren etorri ziren Ladis Galartzak galdutako bizpahiru pilota. Lehenengo partziala itxi zuen 0-5ekoan bakar-bakarrik erori zen Baraibarko atzelaria, bizi duen unearen erakusgarri.

Joseba Ezkurdia saiatu zen aurrean arriskatu eta indarka zerbait egiten, baina berak ere ez zuen askorik asmatu eta ezin izan zuen inoiz estutasunetan ipini bikote urdina.

Atzoko garaipenarekin Elezkanok eta Zabaletak zazpigarren puntua eskuratu zuten eta lehen postuan jarraituko dute Altuna III.a eta Mariezkurrenarekin berdinduta. Ezkurdiak eta Galartzak, aldiz, hiru punturekin segituko dute seigarren postuan, azken bi postuekiko bi puntuko tartearekin. Eta hurrengo asteburuan beste erronka zail bat izango dute, Altuna eta Mariezkurrenaren kontra.

Gaurkoa, Ataunen

Zortzigarren jardunaldia gaur amaituko da Ataunen Urrutikoetxea-Imaz eta Peña II.a-Albisu bikoteen arteko lehiarekin. Asteburuko beste hiru partidetan sailkapeneko goialdean dabiltzan bikoteak nagusitu dira behealdean dabiltzanen kontra, baina gaur jokatzen duten biak justu sailkapenaren erdialdean daude oso parekatuta. Peñak eta Albisuk lau puntu dituzte; Urrutikoetxeak eta Imazek hiru; bien arteko tartea apur bat ireki daiteke edo biak berdinduta geratu. Lehen itzulian Peñak eta Albisuk erraz irabazi zuten (8-22).