Joseba ITURRIA
TXIRRINDULARITZA

Iragarpenak bete eta Gannak irabazi du erlojupekoa

Munduko txapeldunak garaipena lortu eta bere nagusitasuna berretsi du Arabiar Emirerri Batuetan.Pogacar da lider berria, Alpecin taldeak koronabirus positibo bategatik lasterketa utzi eta gero.

Filippo Gannak (Ineos) beste garaipen bat pilatu du bere palmares oparoan. Arabiar Emirerri Batuetako Tourreko bigarren etapa irabazi zuen atzo, Al Hudayrian korritutako 13 kilometroko erlojupekoa, Steffan Bisseggerri 14 segundoko aldea atera ostean. Tadej Pogacar laugarren izan zen, italiarrarengandik 24 segundora, eta probako lider berria da Alpecin taldeak –Mathieu van der Poel atzora arteko liderra barne– koronabirus positibo batengatik proba utzi eta gero.

Gannak denbora onena egin zuen proba erdiko erreferentzia puntuan ere. Une horretan zazpi segundoko aldea ateratzen zion Bisseggerri eta hamaikakoa Pogacarri, egun erlojuaren aurka areriorik ez duela baieztatuz. Horren erakusle, korritu dituen azken zortzi erlojupekoak irabazi ditu: Etoile de Besseges, Italiako Giroko hirurak, Munduko Txapelketa, Tirreno eta Italiako Txapelketa. Atzo, oso gutxi faltatu zitzaion minutu bat lehenago atera zen Nibali bezalako txirrindulari bat harrapatzeko.

Iñigo Elosegik (Movistar), proban dagoen euskaldun bakarrak, 84. postuan amaitu zuen, irabazlearengandik 1:37ra, eta 89. lekuan da sailkapenean, Pogacar liderrarengandik 9:44ra.

Emakumezkoen Itzulia bertan behera utzi eta Klasikoari eutsiko diote aurten

Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren antolatzailea den OCETA taldeak «lan izugarria» egin du azken hilabeteetan Donostiako Emakumezkoen Klasikoaren oinordeko gisa sortu behar zen Emakumezkoen Itzulia aurrera ateratzeko. Asmoak asmo, baina, lehen edizioa bertan behera utzi behar izan dute azkenean. «Emakumezkoen Klasikoaren oinordetza hartzea zen ideia. Izan ere, Klasikoa egoera larrian geratzear zen, Frantziako Tourrak Emakumezkoen Tourra gure Klasikoaren data beretan jokatuko zela iragarri behar zuelako. Horregatik, izugarrizko lana egin da hitzordua egutegian mugitu, egun kopurua luzatu eta Emakumezkoen Itzulia sortzeko. Azkenean, baina, aurten ez denez Emakumezkoen Tourra jokatuko, Klasikoari eutsiko diogu», azaldu dute OCETA taldetik.

Horrenbestez, Emakumezkoen Klasikoa gizonezkoen probaren egun berean jokatuko da aurten. «Ibilbidearen zati bat partekatuko dute, baina baliteke aurreko edizioarekin alderatuta aldaketak egotea. Bi probak egin ahal izatea eta txirrindularitza Donostiara eta Gipuzkoara itzultzea espero dugu; hori bai, betiere, osasun arloko neurri guztiak beteta». GARA