GARA
DONOSTIA

Emakumeen parte hartzea ez da %40ra iritsi Zinemaldian

Bigarren urtez, Zinemaldiak genero-identifikazioaren txostena argitaratu du eta, datuek erakusten dutenez, 68. ezohiko edizio honetan ere emakumeen parte hartzea ez da %40ra iritsi.

Genero-identifikazioaren txostena aurkeztu berri du Zinemaldiak. 68. edizioan programatutako filmetan parte hartzen duten arlo ezberdinetako profesionalak –zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia, musika eta muntaketa– hartzen ditu kontuan txostenak eta, datuon arabera, hautespen batzordeak 2019ko urritik 2020ko irailera ikusi zituen 2.487 filmetan parte hartu duten profesional gehienak –arloaren arabera, %65 eta %80 artean– genero maskulinoarekin identifikatzen diren pertsonak izan dira. Datu bat nabarmentzen da: zuzendarien %81 gizonezkoak dira. Aurreko edizioan bezala, ekoizpena, gidoia eta muntaketa izan dira arlorik orekatuenak.

Ikusitako film horien guztien artetik hautaketa bat egiten du batzordeak; 68. edizioan 110 film hautatu zituzten eta, horien artean, genero femeninoak presentzia handixeagoa du kategoria guztietan, baina ez du inoiz %40ko parte hartzea gainditu: emakumeen parte hartzea %21 eta %39 artekoa da alor profesional ezberdinetan.

Perlak eta Horizontes Latinos dira salbuespen bakarrak; aurreko edizioan bezala, emakumeen parte hartzea handiagoa izan da sail horietan. 67. edizioarekin erkatuz emakumeen parte hartzea zertxobait handitu bada ere (%8 inguru), hazkunde hori Zinemaldiak egin duen hautaketaren ondorioa da, ez industriaren eraldaketarena. Ildo horretan, berdintasunaren alde lanean jarraituko dutela esan dute.