Andoni ARABAOLAZA
GIDALIBURUA

«Montes de Araba» aniztasunaren ispilu bihurtu da

Sua argitaletxeak gidaliburu honen bosgarren edizioa kaleratu berri du. Josean Gil-Garciak lurralde horretako 126 mendi igotzeko 320 ibilbide aurkezten dizkigu. Proposamen gaurkotu zein askotarikoa da.

Nahiz eta Euskal Herria oso txikia den, paisaia aldetik oso oparoa da; ondare natural aberatsa du. Bada, euskal mendizaleak dakien bezala, gure lurralde batek, Arabak, gai honetan indarra du. Hezea eta lehorra; berdea eta horia; leuna eta malkartsua... denetarikoa da. Eta hain zuzen ere, Sua argitaletxearen “Montes de Araba” gidaliburuak hori guztia jasotzen du. Josean Gil-Garcia da proposamen “zahar” horren egilea. Eta zaharra diogu bosgarren edizioa kaleratu berri delako.

Lan eskerga egin eta gero, mendizale adituak kutsu zahar horren geruza kendu eta gidaliburua gaurkotu du. Horrez gain, mendi zerrenda handiagoa oparitzen dio irakurleari. Denera, 126 gailurretara iristeko 320 ibilbideren berri ematen du. Arroyuelas izan ezik, gainerako mendiak Euskal Mendizale Federazioaren mendi katalogoan daude.

“Montes de Araba” jaio zenetik 27 urte igaro dira. Eta bi urteko lanaren ondoren, bosgarren edizioa kalean dugu. Sua argitaletxekoek adierazi dutenez, gidaliburu hau ekarpenaren bidetik dator: «Nafarroako zein Gipuzkoako gidekin egin genuen bezala, Arabakoarekin ere testu horiek berritu nahi izan ditugu; besteak beste, mendizaleei laguntzeko. Adibidez, edizio honek badu berritasun bat: mendi guztien argazki bana argitaratu dugu».

Paisaiaren garrantzia

Hain zuzen ere, gidaliburu honen aurkezpenean Gil-Garciak gai hori azpimarratu nahi izan zuen: «Euskal Herriko paisaia eta, batez ere, Arabakoa azpimarratzeko modukoa da. Zer-nolako eragina duen sinetsiko bagenu... Eta ez dugu hartu behar kontsumo produktu bat bezala. Lagun batek idatzi zuen paisaia erabakigarria dela; hots, eragin hori duela. Horregatik guztiagatik, azpimarra berezia egiten diot gai horri. Gidan aniztasun hori metatzen dut, baina kalitatean oinarritua; betiere paisaia hori disfrutatu ahal izateko».

Mendizaleentzat kaleratu berri den proposamen horrek ibilbide ezberdina izan du. Hastapenetan, jakina, egileak informazio mugatua zuen. Baina urteen poderioz, berritasunaren bidea hartu zuen: «Edizio honen helburuetariko bat naturara beste era batean hurbiltzea da. GPSa erabil daiteke, baina gidaliburuak, zehatz-mehatz, datu gehiago ematen ditu. Mendi batzuk kendu eta beste batzuk gehitu dira. Eta toponimiari dagokionez, koherente izateko, EMFren izendegia erabili dut».