Marcel PENA

Irati Goikoetxeak «Herriak ez du barkatuko» lana aurkeztu du

Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkarrek emandako 2019ko Igartza saria jaso zuen liburua aurkeztu du Irati Goikoetxea idazleak. «Herriak ez du barkatuko» lanarekin, ETAren biktima baten mina tratatu nahi izan du egileak, eta liburua «eztabaidatzeko» tresna izatea espero du.

Irati Goikoetxea idazle beasaindarrak “Herriak ez du barkatuko” eleberria aurkeztu zuen atzo online prentsaurrekoan. Goikoetxearen lanak 2019ko Igartza saria irabazi zuen, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak emana.

“Herriak ez du barkatuko” eleberriak Oihanaren pertsonaia du ardatz, ETAk aita hil ziona. Hala, protagonistak, hogeita bi urtez horretaz inorekin hitz egin gabe egon ondoren, bere sentimenduak adieraztea erabaki du. Hirugarren pertsonan idatzita egon arren, idazleak irakurlea Oihanaren tokian kokatzea nahi izan du, «ondoan» duela sentitzea. «Hori da mina ulertzeko modu bakarra», azaldu zuen Goikoetxeak. Halaber, nahiago izan du Oihanaren aitari izenik ez jartzea irakurle bakoitzak «bere aita» dela pentsa dezan, «erdigunean pertsonak» jarriz.

Goikoetxeak azaldu zuenez, lan honekin Euskal Herrian bizi izandako minez hitz egin nahi izan du «alderdikeriarik gabe», nahiz eta, bere ustez, euskal literaturan badagoen «hutsune bat», eta, beraz, «esplizituki eta euskaraz ETAk egindako minez» hitz egitea proposatu zen. Gai «polemikoa» izan arren, idazleak espero du liburua tresna «baliagarria izatea eztabaidatzeko», minaren gaia kontzientziaz tratatzeko: «Eztabaidatu behar baldin bada, gustatuko litzaidake liburu hau abiapuntua izatea».

Gainera, Goikoetxeak nabarmendu zuen liburua argitaratu den unea, efemerideei dagokienez; hala nola 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaerak aipatu zituen, baita otsailaren 22an Fernando Buesa PSEko buruzagia hil zutenekoa ere, eta azken gertaerak, hala nola Enrique Rodriguez Galindoren heriotza edo “Non dago Mikel?” dokumentalaren estreinaldia. Goikoetxeak esan zuen gertaera horiek ez direla «berriak» baina, bere ustez, «badirudi gizartera beste modu batean heltzen ari direla».

Idazleen «harrobia»

“Herriak ez du barkatuko” liburuaren egileaz gain, prentsaurrekoan parte hartu zuten Xabier Mendiguren editoreak, Leire Artola Ugalde Beasaingo alkateak eta Joxe Begiristain CAF enpresako euskara-arduradunak. Igartza Sariari dagokionez, Beasaingo alkateak euskal idazleen «harrobia» dela esan zuen eta Udalaren parte-hartzeagatik harro agertu zen.

Azkenik, Mendigurenek gogorarazi zuen 2021eko Igartza Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dagoela. 2020an Maddi Ane Txoperena izan zen irabazlea, haurtzaroko sexu-abusuak hizpide dituen lan batekin.

Igartza Sariaren helburua euskal idazle berriak sustatzea da. Horretarako, egileek baldintza hauek bete behar dituzte: 35 urte bete gabe izatea; aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea; narratiba lanak izatea: eleberria edo ipuin-bildumak; eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Beka 6.000 eurokoa da, hiru erakunde antolatzaileek emanak. Horietatik 3.000 irabazle izendatu bezain laster ematen dira, eta beste 3.000, idazlana amaitu eta entregatutakoan.