Asier AIESTARAN
PILOTA

Altuna eta Mariezkurrena nagusi oilarren arteko deman

Jokoan egindako 26 tanto egon dira Eibarren jokatutako neurketa ikusgarrian eta bi atzelariak ere oso fin aritu dira arlo horretan: Zabaletak bost izan ditu eginak eta Mariezkurrenak zazpi. Bi bikoteak zortzi garaipenekin berdinduta daude uneotan sailkapenaren puntan.

ELEZKANO II-ZABALETA 19

ALTUNA III-MARIEZKURRENA 22


Altuna III.ak eta Mariezkurrenak 19-22 menderatu zituzten atzo Elezkano II.a eta Zabaleta, ligaxkako lehen bi sailkatuak elkarren aurka neurtu zituen partida ikusgarrian. Eta emaitza horrekin, bi bikoteak berriz ere berdinduta geratzen dira sailkapenaren puntan, biak zortzi garaipenekin eta finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukera askorekin.

Bizi-bizi jokatutako neurketa izan zen, egindako tanto asko eta ederrak utzi zituena eta, egiari zor, zentzu guztietan lau pilotariak une gozoan daudela erakutsi zuena. Elezkanok sei tanto egin zituen jokoan –eta beste bi sakez–, Zabaletak bost, Altunak zortzi –bat sakez– eta Mariezkurrenak zazpi. Eta benetan deigarria izan zen Zabaletak bi tanto egin zituela eskapadaz –biak segidan–, Altunak beste bat, Mariezkurrenak bat horma-bikoarekin lurretik…

Altuna eta Mariezkurrena hobeto sartu ziren partidan. Astelehenean Zestoan jasotako porrota ahaztu nahian, Altuna pilota bizi mugitzen hasi zen eta Mariezkurrenak ere, aurreneko bizpahiru tantoetan kenduta, pilota asko eta ongi atzeratu zuen. Behin eta berriro itsatsi zuen pilota ezker hormara eta Zabaletak asko sufritu zuen lehen zati horretan. Konturatzerako 4-10 aurreratu ziren urdinak eta gorriek neurketa atseden batekin gelditzea erabaki zuten.

Arraroa egin zen Zabaleta horrenbeste sufritzen ikustea, baina, pilota aldatu zutenean, norgehiagoka ere kolorez aldatzen hasi zen. Gorrien pilotarekin Mariezkurrena gozakaitz ibili zen eta apurka-apurka Zabaleta piloteoan inposatzen hasi zen. Eta ordura arte ia aukerarik izan ez zuen Danel Elezkano ere errematean asmatzen hasi zen.

Gorriek hiru aldiz lortu zuten markagailua berdintzea (1-1, 3-3 eta 12-12), baina ez ziren inoiz aurretik ipini. Gainera, urdinei aukera eman zieten berriro euren pilota atera eta ihes egiteko. 12-12ko horretatik 12-17ra joan ziren Altunaren tanto bikainekin. Elezkano eta Zabaleta ez zeuden, ordea, amore emateko eta lortu zuten berriz markagailua orekatzea. Zabaleta jada bere onenean zegoen –ikusgarriak ia jarraian errebotean sartu zituen pilotak (14-18 eta 15-18)–, eta, Elezkanoren erremate eder batekin, 17-18 gerturatu ziren.

Eta bikote bakoitzak beste takadatxo bat egin ostean, 17-20 eta 19-20 egon zen neurketa. Baina hor ere berdina gertatu zitzaien gorriei: asko hurbildu bai, baina aurretik ezin jarri. Ez zen beraien okerra izan, urdinen meritua baizik, 19-21ak erakutsi zuen bezala: Mariezkurrenak ezker airez bederatzitik eraman zuen pilota bat, gero Altunak tantoa gantxoz amaitzeko. Tokatzen zen moduan, dema Jon Mariezkurrenak oso atzean ipini zuen pilotakada batek itxi zuen.