Epaileak hirugarren gradua kenduta, kartzelara itzuli dira preso politikoak

Soberanies institutuak antolatuta, Raul Romevak mahai-inguru batean parte hartu zuen atzo eguerdian, CUPeko Mireia Vehirekin eta En Comu Podem-eko Joan Menarekin. Vehi hizketan zela, Romevak behera begiratu, bi esku ahurrak elkartu eta ahora eraman zituen hatz erakusleak, zerurantz begiratuz. «Oso notizia txarra iritsi da Raulentzat, hirugarren gradua atzera bota diote oraintxe bertan», azaldu zuen moderatzaileak. «Bagenekien gerta zitekeela, badirudi orain jakinaraziko digutela ofizialki», agurtu zen Romeva bera.
Hain zuzen, Europar Parlamentuko bozketaren emaitza ezagutu eta ordu gutxira, espetxe zaintzako epaitegiak Lledonersen preso dauden zazpi buruzagi independentisten hirugarren gradua baliogabetzea erabaki zuen, Fiskaltzaren helegiteari men eginez. Romevarekin batera, Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn ezingo dira, azken hilabete eta erdian bezala, kartzelatik atera bihar goizean.
Duela bi aste, epaitegi berak hirugarren gradua behin-behinean baliogabetzea baztertu zuen Carme Forcadellen eta Dolors Bassaren kasuetan. Fiskaltzak Auzitegi Gorenera jo zuen orduan. Atzoko ebazpenak, ordea, ez du zerikusirik behin-behineko neurriekin; Fiskaltzaren helegitearen mamiari heltzen dio, eta arrazoia ematen dio, ez duelako ikusten presoek delituak onartu dituztenik, ezta egindakoaren ardura agertu dutenik ere, besteak beste. Pentsatzekoa da hurrengo egunetan Forcadellek eta Bassak Lledonerseko kideen bide berari jarraitu beharko diotela.
Erantzunak azkar iritsi ziren, sare sozialen bitartez. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak «damua eta hirugarren gradua» baztertu zituen: «Erbestetik, kartzelatik edo kaletik, ez diogu inoiz borroka egiteari utziko». Oriol Junqueras ERCko buruzagiak ildo bereko adierazpena egin zuen, tonu instituzionalagoan bada ere: «Badakigu Espainiako justizia ez dela inoiz geldituko. Ezta gu ere. Etenik gabe jarraituko dugu askatasunaren, justizia sozialaren eta Kataluniako Errepublikaren alde lanean. Ez makaldu, gu ez baikara makalduko». Jordi Sanchez Juntseko buruzagiak antzeko hitzak erabili zituen: «Ez gaituzte isilduko, herri independente, erabat libre, demokratiko eta oparo bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu».
Bigarren aldia
Kataluniako buruzagi presoek urtarril bukaeran eskuratu zuten, Generalitatearen bidez, hirugarren gradua, eta otsailaren 14ko hauteskundeetako kanpainan parte hartu ahal izan zuten modu normalizatu samarrean. Uztailean, lehenengo aldiz hirugarren gradua eskuratu zutenean, Fiskaltzak egun gutxi behar izan zituen helegitea aurkezteko. Oraingoan, antza, ez zuen kanpaina berotu nahi izan, eta ez zuen helegiterik jarri hauteskundeak igaro arte. Biharamunean bertan egin zuen, otsailaren 15ean.
Epaitegiaren erabakiaren oinarrian Auzitegi Gorenaren doktrina dago, 2020ko abenduan ezarritakoa: kondenaren zati txikiegia bete dutela eta delituak ez dituztela onartu.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
