Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatiba
GAURKOA

Adierazpen eskubidearen urraketak, barrikadak eta polizia

Kontserbadore zintzoenak (ez da PPren edo Vox-en kasua, jakina) defendatuko duen eskubide bakar bat ere ez dago barrikaden ketan lortu ez dena». Kataluniako tsunami demokratikoaren inguruan sarean jasotako iritzia. &bs;«Ez ditut indarkeriaren kondenak sinisten. Artifizio bat besterik ez dira, eskandalu itxurako eszenifikazio generiko bat, beste agertoki batzuetan indarkeriaren erabilera defendatzen dutenek hedatu ohi duten marko politiko batean zabalduak». Antonio Maestre, Eldiario.es agerkarian azkenaldiko istiluei buruz.

Ados nago bi iritzi horiekin. Zergatik hainbeste espantu barrikada batzuen aurrean, beste tokietan, Txilen edo Frantzian esaterako, gertatzen direnean ontzat hartzen ditugunean? Eta zer-nolako biolentzia motaz ari gara? Ahaztu egin al dugu non dagoen egungo biolentziaren iturburua? Ahaztu al zaigu eskubide zibiletan, garrantzitsuenetako bat adierazpen askatasuna dela, hain zuzen Haselen atxiloketarekin urratu dena? Zurikeria hutsa da alde bateko biolentzia gaindimentsionatzea, bestea, sistemikoa dena, estali edo gutxiesten den artean; batez ere, Espainiako Kongresuan Mozal Legea ezabatzeko dagoen ezintasuna kontuan izanik, gehiengo formal bat egon arren horren alde, eta Kataluniako eskaerei nola erantzun zaien ikusita. Horrez gain, ahaztu egiten zaizkigu manifestazio horietan parte hartzen duten gazte amorratuen ezaugarriak. Zati handi bat, 16 eta 25 urte bitarteko gazteak. Horien %40 lanik gabe daude; bidegabekeriak eta arbitrariotasunak pilatzen dituen eta iraunkortzat jotzen den ezegonkortasunean murgilduta. Harritzekoa zera da: egoerak oraindik nola ez duen eztandarik egin.

Egoera horretan normala deritzot partidu sistemikoek harriduraz eta espantuz erantzutea kale istiluei, ura beren errotara eramaten ahaleginduz. Izan ere, jazarpenik gabe eta errepresiorik gabe ez litzateke kale istilurik izango; are argiago, polizia agertuko ez balitz, barrikadarik ez legoke. Ahaztu gabe manifestarien artean infiltratzen diren polizia xaxatzaileak. Eta anabasaren erdian, betiko kontua; zein ote da poliziaren zeregina egungo egoeran eta gizartean? Jakina, polizia mota asko dago kapitalismoa zaintzeko; denak ez direlarik berdinak; esate baterako, garai bateko bobby-ak manifestazio eta istiluen kontentzioan oinarritzen ziren, ez oldartzean edo jipoitzean. Horrek badu bere garrantzia. Alabaina, espainiar Estatuko polizia guztiek, zein Frantziakoek, izan jendarme, guardia zibil, polizia nazional, mosso edo ertzain, eraso bortitzekin erantzun ohi dute.

Estatuaren bortizkeriaren aurrean, nik uste dut autodefentsa legitimoa dela. Zer-nolako autodefentsa den, hori ondoren datorren eztabaida da. Beti dago marra fin bat zapalduen haserrearen defentsaren, fetitxismo estetikoaren eta ezintasun politikoaren artean. Manifestazioen osteko sute asko mugimenduaren ahuldadearen eta ezintasunaren adierazle izan litezke, indar erakusketa baino; baina hori mugimenduak berak eztabaidatu beharko du, alegia, zein ote den borroka mota eraginkorrena. Desobedientzia zibil baketsua askotan politikoki zein teknikoki askoz eraginkorragoa da, bestelako moldeak baino. Baino horretarako ezker eraldatzaileak presente egon behar du manifestazio horietan; ezin du gazteria umezurtz utzi, eta gero kexu agertu borroka mota batzuek arazoa desitxuratzen dutelako. Kezkagarriak dira benetan, egoera horri erantzuteko ezkerraren ahulezia eta gazteriari borrokatzeko esparru eraginkorragoak eskaintzeko ezintasuna.

Autoantolaketak, denboraren kontrol eta plangintza hobeak eskatzen ditu. Norberaren mugak zabaltzean eta funtsezko gaia ez ahaztean oinarritzen da. Eta ezkerrak hori beharko luke abiapuntu. Instituzioetan aritzeaz gain, kalea eta herri antolaketan murgildu.

Globalizazioaren aurkako manifestazio erraldoietan ere beti egoten ziren ildo edo estrategia desberdinak; gehiengo baketsu batena, tutte bianche edo beren gorputza desobedientziaren borroka gune bihurtzen zutenak, eta black gune bat zeina mobilizazioa istiluekin bukatzen ez bazen ez zen kontent geratzen; baina horrek ez zituen desitxuratzen gehiengoaren aldarrikapenak.

Pablo Haselen askatasunaren alde mobilizatzen jarraitu beharra dago, mobilizatzen, poliziaren basakeria salatzen eta oligarkiaren lekaideen hipokrisiari aurre egiten. Eta polizia oldartzen bazaigu, autodefentsa neurtua, beti hiritarrak kontuan hartuz. Horretan bihurtu da Kataluniako independentismoa indartsu. Ez al dugu gogoratzen garai bateko manifestazioak beti bukatzen zirela, egun bezala, Rambletako erakusleihoak apurtzen? Eta, nola, ondoren dena aldatu zen? Alabaina, independentismo horren buruzagitzaren egungo gaitasun eza eta bere inkoherentziak dira, hein handi batean, mugimendu horren zartatzea eta aglutinatzeko gaitasunaren galera. Batez ere kontuan izanik, independentismoaren buruan dauden zenbait alderdik, poliziaren buru jartzen direnean, ahaztu egiten dutela poliziaren logika zein den.

Generalitatearen ordenaren zaintza guztiz eskizofrenikoa da. Lege antidemokratikoek preso dauzkate kontseilari ohiak, eta, aldi berean, lege horiek aplikatu behar ditu Generalitateak protestatzen dutenen aurka.

Gurean, berriz, ezin izan nuen ulertu nola Nafarroako Gobernu progresistaren agindupeko polizia foralak oldar zitezkeen Azkoieneko langileen aurka, LABeko ordezkariak zigortuz. Erkidegoan, ez dut uste Ertzaintzaren egungo joera desbideratze baten ondorioa denik; aldiz, uste dut bere zeregina ondo betetzen duela, horretarako egituratu baitzen PNVren eskutik, Berroziko taldea zenetik hasita, Garaikoetxeari egin zizkioten entzuketekin jarraituz, eta Kukutza, AHT zein mobilizazio guztietan izandako jarrerarekin.

Beste polizia mota bat posible ote da kapitalismoren baitan? Berriro diot, gaitz erdi. Baina, horretarako, beste Jaurlaritza bat eta beste polizia eredu bat beharko genituzke.