Estibalitz EZKERRA 
Literatur kritikaria

Profila (II)

O biolsen kontratuarena zabaldu eta gutxira, Marieke Lucas Rijneveldek, Gormanek berak bere poema nederlandera itzultzeko aukeraturiko poetak, itzulpen lanekin jarraitzeari uko egin zion. Rijneveldek esan zuen ulertzen duela zer kontraesan eragin dezakeen literatura sisteman errepresentazio handirik ez duten ahotsak itzultzeak itzulpengintza munduan bertan gertatzen den bazterkeria aintzat hartu gabe. Izan ere, itzulpengintzan, literaturan bezala, nagusitzen den profesionalaren profila gizonezko zuriarena da.

Obiols zuzen zebilen, bere kontratua eten izanak bere trebetasunarekin ez zuen zerikusirik. Kontua errepresentazioarekin eta ikusgarritasunarekin lotuta dago: nork duen bere lana argitaratzeko aukera, dela idazlea dela itzultzailea. Baina literaturaren eta itzulpengintzaren “unibertsaltasunaren” defendatzaileek gaizki hartu dute Obiolsekin gertaturikoa eta gogor kritikatu dute Gorman. Besteak beste, bere poesia hain ona ez dela eta eskuratu berri duen boterea burura igo zaiola aurpegiratu diote.

Kritikek ezer frogatzen badute, literatur munduan misoginia eta arrazakeria handia dagoela da: emakume beltzei ez zaie arrakastarik onartzen eta beren erabaki ahalmena, statu quo-aren kontra baldin badoa, gehiegikeriatzat hartuko da. Bestetik, itzulpen unibertsalik ez dago itzulpen oro posizio jakin batetik eginda dagoelako. Horregatik eguneratu eta biderkatu egiten dira itzulpenak, jatorrizko testuari eragindako indarkeria samurtzeko asmoz.