Maitane ALDANONDO
Bilbo

ENTRETENIMENDUA «HOBETU ETA BERRITU», HUTSUNE BAT BETETZEKO

Lau ekintzaile gaztek Forzium «eSports»-en inguruko eduki-etxea abiarazi dute. Realak eta Athleticek datorren astean jokatuko duten 2020ko Kopako finalaren harira, Guuk telekomunikazio enpresarekin batera, Euskal eSports Txapelketa antolatu dute. Elkarrekin egingo duten lehen ekitaldia da, baina ez da azkena izango.

Forzium izenak ez du esanahirik, baina haren atzeko proiektua egungo gazte askoren egunerokoaren parte diren eSportsei lotuta dago –bideo-joko txapelketak–. Asier Bengoa, Asier Jimenez eta Nicolas Ross bizkaitarrak eta David Amodeo sevillarra dira enpresaren sustatzaileak; lautik hiru, Leinn graduko ikasleak, eta bertan piztu zitzaien ideia. Ekitaldiak antolatuta, gamer edo bideo-joko zaleen munduarekin harremana izan zuten, eta, hala, zenbait behar atzeman zituzten: «Ez zegoen ekitaldi gehiegi, eduki gehiago behar ziren, gamerren artean hainbat segmentu daude... Ikusi genuen zerbait gehiago egin genezakeela», oroitu du Bengoak. Egitasmoa hazten joan zen eta gerora ere irautea nahi zutenez, ikasketetatik kanpora ateratzea erabaki zuten.

Xede horrekin, start-upei laguntzeko “Bridge for Billions” programan parte hartu dute. Bengoak Javier Uriz mentorea nabarmendu du, bide horretan ematen ari zaien orientazioagatik. Azken fasean daude eta ondoren bide-orri bat eta helburu egingarriak zehaztuko dituzte. Forzium duela hilabete batzuk eratu zuten eta zertxobait fakturatzen hasi dira; diru sarreretako bat irailean irabazi zuten Wanted programaren lehen saria da. Getxoko Udalak 18 eta 30 urte arteko ekintzaileentzat antolatutako lehiaketan 10.000 euro eskuratu zituzten.

Entretenimendua «hobetu eta berritu» nahi dute, bertako eduki-sortzaile gazteei lana erraztuko dieten baliabideak eta elkarlan sare bat eskura jarrita. Haientzako erreferente eta topagune bilakatzea dute helburu. Kluba badute ere, Bengoaren esanetan, «edukia da gauza gehiago egiteko dirua eman eta ateak irekitzen dituena. Izan daiteke ekitaldi bat, zuzeneko bat, argazki bat... Esanahia asko zabaldu da». Hortaz, horiek sortzera bideratu dute jarduna, eta monetizatzeko, hiru lerrotan dihardute. Batetik, LigaE programa dago. Madrilgo Educalegriak bestelako irakasteko moduak aztertzen ditu eta Forziumek horiek bideo-jokoetara egokitu. «Jokatuz umeek balioak ikastea da asmoa: errespetua, komunikazioa...». Bestetik, babesleak edota lankidetzak lortzeko bidea ematen duen eduki lerroa; eta azkenik, kluba, merchandisinga nahiz marka sortu eta errentagarritasuna lortzeko.

eSportsen merkatuak 2019an 198 milioi laguneko audientzia eta 950 milioi dolarreko fakturazioa izan zuen. Espainiako Bideo-joko Elkartearen urte bereko txostenaren arabera, Estatuan 35 milioi euroko merkatuak 600 lanpostu –horietako 250 jokalari profesionalak– eta 2,9 milioi jarraitzaile zituen. Bengoaren esanetan, Estatuan klub handiak badaude ere, babesle gabe ez dira errentagarriak, eta pare bat bakarrik dira eduki-etxeak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxi daude eta lagun taldeak dira. «Enpresa ikuspegia duen klubik ez zegoen. Hori izan zen guk sortzeko arrazoietako bat».

gazteengana heltzeko zubia

Hasieran pandemiak kalte egingo ziela pentsatu zuten, lotuta zituzten zenbait ekitaldi bertan behera utzi behar izan baitzituzten; gerora, ordea, bestela izan zen. «Ekitaldi digitalak etorri ziren eta halakoetan aritu ginen itxialdiaren hasiera-hasieratik: Diego Perez eta Javier Anton aktoreekin saioak, FIFA txapelketa txiki bat...». Atzera begiratuta, «oso pozik» daude orduan egindakoarekin; baita digitalizazioaren hedatzeak kontsumo joerak aldatu eta «sektorea haztea eta zenbakiek gora egitea» ekarri duelako ere.

Testuinguru horretan akordio bat erdietsi dute Guuk telekomunikazio enpresarekin. Bengoak azaldu duenez, Forziumek egindako lanak gazteengana heltzeko duen garrantzia da oinarria. «Helburu kontua da. Guukek gazteengana heldu, eta ematen duen zerbitzua erakutsi nahi die; guk, berriz, haiei bideratuta sortzen dugun edukia helarazi».

Nahi horiek lortzeko bidean lehen urratsa egunotan jokatzen ari den Euskal eSports Txapelketa da. Realak eta Athleticek apirilaren 3an jokatuko duten 2020ko Kopako finala aitzakia hartuta, bi taldeen zaleak aurrez aurre jarri eta galdutako hypea –grina, emozioa– piztea erabaki zuten. Talde bakoitzaren 64 zale ari dira lehian eta norgehiagokak Twitch bidez ikus daitezke, bestelako eduki batzuez gain. Larunbatean, Ander Cortes casterra –eSports esataria– lagun dutela, finala jokatuko dute Bilboko Distrito Zeron, 18.00etatik 20.00etara. 400 bat lagunek eman dute izena. «Seinale ona da, jendea prest eta animatuta dago horrelakoetan parte hartzeko. Gauza gehiago egiteko gogoa ematen digu», aitortu du. Etorkizunean beste ekitaldi asko etorriko dira eta lan ildoetan sakontzen jarraituko dute, agian urrutiko ideietan oinarrituta. Izan ere, Jimenez Hego Korean, eSportsen sorterrian baitago ikasbidaian. Forziumeko kideak prest daude bertako gamer kulturak inspiratu, eta nork daki, baita harreman berriak egiteko ere.