Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Umorearen «aho bikotasuna», zapaltzeko edo hauspotzeko

Ane Labaka Mayoz idazle eta bertsolari lasartearrak «Algara mutilatuak» saiakera feminista aurkeztu berri du, Donostiako Udal Liburutegian, Lisipe bildumako bederatzigarren alea. Algara erauzi zitzaien emakumeen bizipenak jaso eta teoriaz jantzi du umorearen «aho bikotasuna». Umorearen erabilera genero sistema arrakalatzeko bide izan daitekeela dio egileak, eta berau deskodetzera bideratu du lana.

“Algara mutilatuak” (Susa, 2021) da Lisipe bildumaren bederatzigarren liburua. Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ondutako saiakera da azkenengo hau, emakume ipuin kontalariak, clownak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak lagun izanda osatutako lana.

Andreen umoreari eutsi dio liburuan, barre eragiteko erauzitako gaitasunari eta umorearen aldebikotasunari, beste ertz askoren artean. Mutilazioak asko dira, baina konkretu bat du hizpide, ezezaguna agian, baina uste baino ohikoagoa: algararen erauzketa. Eta txiste, barre, algara eta txaloen atzeko plaza, zapaltzaile zein subertsibo izan daitekeena.

Saiakeraren hitzaurrea Usoa Anduagak idatzi du eta honen “Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua” tesia ardatz duen marko teorikoa hainbat elkarrizketa sakonetan gorpuztu du Labakak, horien artean, “Erradikalak gara¸ eta ‘Erradikalak ginen” saioetan monologo-kide duen Beatriz Egizabalekin, baita umoretik aritzen diren Idoia Torregarai, Aitziber Garmendia eta Irantzu Varelarekin eta bertsolaritzan plazak partekatzen dituen hainbat emakumerekin ere; Onintza Enbeita, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio, batzuk esatearren.

Neurritsu eta txiki

Donostiako Udal Liburutegi Nagusian Jule Goikoetxea ikertzaile feministarekin batera astelehenean egindako aurkezpenean, Ane Labakak nabarmendu zuen nola emakumeak «neurritsu izatera» mugatu dituen gizonen espazio horrek, nola irakatsi zaien «ahalik eta espazio txikiena okupatzen», barre egitean ahoa eskuarekin estaltzen, «barrurantz barre egiten». «Meneko izateko sortu zituzten mundura», azpimarratu zuen.

Nahiz eta aitortu zuen saiakera honen abiapuntua ez direla zauri propioak izan, gerora, elkarrizketen bitartez, zauri horiek bere gorputzean ikusi eta identifikatu ditu, eta bertsolaritzatik jasotakoak izan dira akuilu idazlan feminista hau osatzeko orduan.

Gai honen bueltan egin izan dituen hitzaldi eta tailerretan aise konturatu zen bertsolari barre-eragilearen profila plazagizonek okupatzen zutela eta, ezinbestean, taula gainekoa azpian dagoenaren isla besterik ez dela.

Umorearen erabilera genero sistema arrakalatzeko bide izan daiteke, Labakaren iritziz, eta hortik loratu zitzaion saiakera idazterako jauzia; umorea deskodetzeko eta ondokoekin horren alde egiteko elkartzeko akuilua, inork gutxik ikertutako gaia denez gero –gutxiago euskaraz, gutxiago perspektiba feministatik–.

Norabideak

Hala, ikasketa garaian egindako Master Amaierako Lanen testua eta elkarrizketak berreskuratu, antolatu eta osatu ditu Jule Goikoetxea ikerlari feministaren laguntzarekin, liburu forma emateko. Bost ataletan banatu du Ane Labakak Lisipe bildumaren bederatzigarren alea.

Lehenengoan umorearen testuinguraketa bat landu du, gaia kokatuz. Umorearen joko-araua izan du hizpide, haren askotariko forma eta ezaugarriak eta umorearen hiztegia. Orrialdeetan aurrera egiteko ezinbesteko lehen pausoa.

Bigarrenean, umorearen norabideei heldu die. Aurkezpenean azaldu duenez, umorea goitik behera, behetik gora eta parez pare egin daiteke eta, beraz, bi klase bereizi ditu: umore hegemonikoa eta bazterreko edo subertsiboa.

Umorearen mugak

Horri lotuta, hainbestetan eztabaidagai diren umorearen mugei eskaini die hirugarren atala. Umorea soilik gozamenerako eta dibertsiorako tresna den usteak zurigarri gisa funtzionatzen du zenbait kasutan eta, Labakaren iritziz, umorea uste baino gauza serioagoa da, zapaltzeko edo hauspotzeko indarra izateraino, eta aurretiaz aipatutako joko-zelaian sartzen da, baita politikoki zuzentzat hartzen den hori ere, maiz «tranpatia». Umoreak «engainatzeko» mekanismoak dituela ohartarazi zuen Labakak, lehenengo kolpean barre eragiten duen horren bigarren irakurketa mingarria izan daitekeela.

Laugarren atala bertsolaritzan kokatu du gehiago eta, bertan, «tradizionalki maskulinoak bezala umoretsuak» diren plazetan egin eta onartzen den umorea aztertu eta plazandreei jarri die arreta. Nork duen zilegitasuna bertsotan umoretik egiteko eta nork ez.

Ikerlana ixteko, lanaren garapenean egiaztatu ahal izan duen premisa bati heldu dio egileak: umorea subertsiboa izan daiteke eta, beraz, umore berrirantz abiatzeko bideari eutsi dio. «Umorea eraldaketarako arma politiko gisa baliatzea dagokigu», esan zuen, saiakerak erdiesten duen ondorioetako bat argitara ekarriz.