Jon ORMAZABAL
PILOTA

Oso esker txarreko brontzea

Hamabi asteren buruan, bigarren posturako erabakigarria izango den partida jokatuko dute Altuna-Mariezkurrenak eta Peña-Albisuk.

Gutxi izango dira Binakako Txapelketako lehen fasekoa baino esker txarragoko hirugarren posturik. Batutako puntuek ez dute ezertarako ere balio: finalerdietan sartzeko txartela play-offeko partida bakarrean jokatu beharko dute hirugarren sailkatuek, seigarren geratu direnekiko inolako abantailarik gabe. Hori ekiditea izango dute igandean helburu Altuna-Mariezkurrena eta Peña-Albisu bikoteek Eibarko Astelenan. Final moduko bat izango da, Baikokoak bigarren izango baitira bi tantoko aldeaz nagusitzen badira.

Krudela litzateke, batez ere Altuna-Mariezkurrenarentzat, lau hilabetez sailkapenaren puntan egon ostean, saririk gabe geratzea, «baina horretan pentsatzeak ez narama inora. Sistemari buruzko nire iritzia askotan eman dut, baina nire iritziak ez du ezertarako balio, beste batzuek erabakitzen dute eta ez dut ezer esateko. Hauxe da dagoena, hala jokatu behar dugu eta finalerdietan sartzen ez bagara gure erruagatik izango da», esan zuen Altunak.

Peña-Albisu behetik gora datoz eta ikuspegi desberdinarekin begiratzen diote lehiari. «Hasieratik gure asmoa sei lehenetan egotea zen, baina ikusten ari gara ondo ari garela, irabazten ari garela eta bigarren postuagatik borokan ari garela. Galduz gero ez da katastrofe bat izango», azaldu zuen tolosarrak atzoko material aukeraketan.

Azken partida ere arras desberdina izan zen bi bikoteentzat: Baikokoek garaipen handia lortu zuten Elezkano-Zabaleta liderren aurka eta Aspekoei ihes egin zien Urrutikoetxea-Imazen aurka eskuetan zuten garaipenak. Altunak oraindik ez dio gertatutakoari azalpenik aurkitu, baina ahaztuta omen dauka. «Azkenaldian ikasten ari naizena da sufrimendua luzatzeak ez duela ezertarako balio. Aldagelan lehen ordu erdian haserre nintzen oso, baina gero Jonekin hitz egin eta ahaztu dugu».

Berriozarreko atzelaria ondo ikusten du amezketarrak eta bera ere itxaropentsu da. «Jokinek asko animatu nau, horretan ere artista da. Astelehenean beldurrez bezala jokatu nuen, zalantzak nituen eskuinarekin, baina gaur hobekuntza handia sumatu dut entrenamenduan».