Amagoia MUJIKA
BERTSO EGUNA GETARIAN

BERTSOAREN PUNTADAZ JOSITAKO PARPAILA FINAK ETA ZULO TXIKIAK

PLAZA ELEGANTEA, DISTANTZIA JUSTUAN JOSITAKO 160 AULKI LARANJA BALENCIAGA MUSEOAN. KABITZEN ZIREN AULKI DENAK. BESTE BATZUK ONLINE. PANDEMIAK BAIMENTZEN DUEN BERTSO EGUNIK BERTSO EGUNENA.

Aretoa, paregabea, Getariako Cristobal Balenciaga Museoa. Argia, primerakoa. Egun eguzkitsu eta jendetsua Getarian. Unai Iturriagak hasieran kantatu zuenez, «Aurrera egin beharra du bertsoak nahiz zaindu behar den atzea/ gure lana da haria eta orratza ondo batzea/ badaukat esperantza posible dela gaur hori lortzea/ lan zailagoa izan delako Getarin aparkatzea».

160 lagunentzako tokia paratu zuten antolatzaileek, kabitzen ziren denak. Beste batzuek online jarraitu zuten saioa. Maite Berriozabal aritu zen gidari lanetan eta Uxue Alberdik, Unai Iturriagak eta Alaia Martinek josi zuten bat-batekoa. Manex Agirrek, Rosi Lazkanok, Maider Arregik eta Eli Pagolak, berriz, bertso jarrien partea. Bakoitzak bere estiloko bertso jantzia ekarri zuen oholtza gainera.

Askotariko jantziak

Kolore, forma eta oihal askotarikoa izan zen Getariako Bertso Eguna. Alberdik eta Martinek, adibidez, parpaila fineko une intimoa josi zuten. Sareetan ezagututako maitaleak, dena perfektua zen harremanean, gauza bat salbu. Alberdiri ez zitzaizkion Martinen musu fisikoak asko gustatzen. «Hala gertatzen zaigu sexuaren jaian/ izarrik etzaigula piztu ohi paisaian/ zu etzara egoten deskontrol lasaian/ ta ni berriz nabil zu kontrolatu nahian», bota zuen Uxuek. Eta Alaiak, erantzun: «Berriz horren nerabe, berriz horren erkin/ ia ezin ahoskatu hain zaitut atsegin/ haur garaietan gisan beharko dut egin/ ta praktikatuko dut ispiluarekin».

Umorezko puntadak

Umorezko alkandora koloretsua josi zuten geroxeago Unai Iturriagak eta Alaia Martinek. Pisukideak eta ez oso sozialak biak, etxeko balkoian biak, Getaria beren herri moñoñoa bisitariz lepo nola zegoen begira. Alaia Martinek kantatu zuenez, «Baju hitz egingo dut, ez barre ez broma/ ez harridura ikur, ez puntu ez koma/ dela bost minututxo atera naiz hona/ ta ehun aldiz entzun dut ze eguraldi ona». Eta Iturriagaren ateraldia, «... Sagarduik behar luke zerbait erabaki/ gure herria itxi hor perimetralki/ ta baita bertikalki ta espazialki».

Alaia Martinek eta Uxue Alberdik elegantziaz eta ironia zorrotzez jositako soinekoa etorri zen geroxeago. Martin Uxueren zale amorratua da eta perfekzioa eta lilura baino ez ditu ikusten Alberdiri begiratzen dionean. Saioa bukatu eta zain dauka, begiak distiraz. «Berriro ere hemen ikaragarria/ lau poto egin ditut ta oso larriak/ alperrik nago zure aldaren jarria/ barkatuko didazu hau pixalarria», bota zuen Alberdik bere jarraitzailearekin aspertuta. Eta Martinek, erantzun, «distira begiradan ta distira pixan/ zu bezelakorik ba ote da bizitzan/ ona literaturan ta bertsolaritzan/ ta nik zure bikia nahiko nuke izan».

Saioaren azken partean, Maider Arregi eta Eli Pagola igo ziren oholtzara, bollerismoari kantatzera. Xenpelarrek 1864. urtean bertsotan kantatu zituen “Andre Txarraren Bentajak” eta Arregik eta Pagolak 2021. urtera ekarri eta berritu zituzten atzo. «bollerismoa ekarri dugu bigote eta besazpi/ feminismoa jasateakin ez bazeneukaten aski». Umoretik, baina puntada zorrotzekin, batzuetan azalean zizta eginez orratzarekin; «gure ahotan bollerismoa beste gairik ez ote da/ guraso eta bikote gaiez ez zarete aspertzen ba».

Eta horrelaxe, eguna ilundu ahala argitu zen bertsozalea, Balenciagako kristaletan gozatutako ilunabar paregabean.